851 korrikalari, Herri Lasterketaren giroaren erakusgarri
1.145 euro bildu dituzte aurton Bermeoko XIX. Herri Lasterketan. Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratuko da dirua, gelan "kirol praktika sustatzeko asmoz".

851 korrikalarik parte hartu zuten Bermeoko Herri Lasterketan atzo (otsailak 23); udal ordezkariek nabarmendu dutenez, “iaz baino parte hartze altuagoa” izan du lasterketa herrikoiaren XIX. aldiak. Izan ere, iaz, 701 izan ziren arineketan egitera animatu zirenak. Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 409 neska eta 442 mutilek zeharkatu zituzten Bermeoko kaleak. Azaldu dutenez, 209 korrikalarik parte hartu zuten lasterketa nagusian eta ume eta gazteen lasterketetan, berriz, 642 parte-hartzaile egon ziren.
Lasterketa herrikoia solidarioa ere bada, eta horren erakusle da, bildutako dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratu dutela aurten, bertako umeen artean “kirol praktika sustatzeko asmoz”. 1.145 euro batu dituzte. Bermeoko Udaletik, oro har, parte hartzaile guztiei eskerrak emateaz gain, antolakuntza lanetan aritu ziren Taraska Gazte-Zahar taldeari eta baita boluntarioei ere eman dizkie eskerrak: “Eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketa lanetan laguntzeagatik, eta baita herri lasterketa martxa onean joatea posible egin duten boluntario guzti-guztiei ere, asko izan baitira”.
Omenaldirako tartea.
Horrez gain, aipamen berezia egin zion atzo herriak, Jose Muruaga Lakari, omenaldi xume bat esakiniz. Esan dutenez, alegia, “herriko ekitaldi askotako ahotsa da berea, eta beti dago prest edozein gauzatan laguntzeko”. Horregatik, Eleizalde Ikastolako ikasleek bertso bat eskaini zioten, lasterketa bukatutakoan.
Argazkiak: Bermeoko Udala.


























