28 lagunek "gogotik gozatu" dute irteera
Gernika-Lumoko Berbalagunek, ohi bezala, irteera antolatu zuten zapaturako (otsailak 22). Kasu honetan, Gernika-Lumotik abiatu eta Zugastietara arteko ibilbidean murgildu ziren bertaratutako 28 lagunak.

Otsaileko laugarren larunbatean, hilabetero egin ohi duten bezala, mendi-irteera antolatu zuten Gernika-Lumoko Berbalagunek; Gernika-Lumotik Zugastietara arteko ibilbidean murgildu ziren zapatuan (otsailak 22). Eguraldi iragarpen eskasa egon bazen ere, nabarmendu dute udaberri giroa izan zutela goiz osoan zehar. 28 lagun bildu ziren, eta horiek, “gogotik gozatu” zuten ibilbideaz, antolatzaileen hitzetan.
Irteeraren ibilbidearekiko xehetasunak eman dituzte, halaber: “Hirigunetik irten eta Kanpantxurako bidea hartu genuen, handik Eperlanda baserria inguratzen duen bidezidorra hartzeko. Berroia auzora iritsi ginenean, bertako mahastiak ikusiteaz gain, atsedena ere hartu genuen Ajuriarako jaitsierari ekin aurretik. Muxikako auzo horretatik, Askari mendira igo ginen bertako ikusimira zoragarriaz disfrutatzeko. Nahiz eta bertaratutako gehienek autotik sarritan ikusi gailur txikia, ez zuten ezagutzen, eta harrituta geratu ziren paisaiaz. Azkenik, Askaritik behera Zugastietara heldu ginen, helmugara”.
Bueltako bidearekiko, azpimarratu dute, Berbalagun gehienek autobusa hartu zuten arren, beste hainbatek goizean goiz kotxea helmugan utzi zutela, bukatzean bizkorrago bueltatzeko. Egun ederra pasatu zuten bertaratutakoek. “Beti bezala, Urdaibaiko hainbat txoko berri ezagutu genituen, baita horien inguruko zenbait bitxikeria ere”, gaineratu dute.
Horrez gain, Gernika-Lumoko Berbalagunetik jakinarazi dute, mintzatalde berri bat sortu dutela: “Asteazken goizetan, 10:00ak aldera biltzen dira Kultur Etxearen aurrean”.