Bermeoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua eratu dute
Portuko Udal Kontseiluaren lehenengo bileran Bermeoko portuaren "hiru kaien egoera" aztertu eta "portuaren garapenerako eta modernizaziorako alderdi estrategikoak" eztabaidatu dituzte.

Bermeoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua eratu zuten atzo goizean [otsailak 17], eta lehenengo bileran portuaren egoera eta aukerak izan zituzten mintzagai. Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako zuzendaria buru izan zuen bileran besteak beste Bermeoko portuko merkataritzako, arrantzako eta uretako aisialdiko jarduerak jorratu zituzten.
“Portuko Udal Kontseilua administrazio autonomikoaren, tokiko administrazioaren eta itsas-sektoreko eragileen arteko elkarrizketarako koordinazio gune bat da, eta kudeaketa eraginkorra eta egungo eta etorkizuneko erronketara egokitutakoa bermatzen du”, adierazi du Goitiak. Bermeoko Portuetako bulegoetan egin zuten bilera, eta bertan izan ziren Ixone Soroa Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Edurne Egaña EKPko zuzendaria, Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Marbeco eta Bermeo Offshoreko kontsignatarioak, eta Arrantzaleen Kofradia eta Bermeoko Amarratzaileen Elkarteko ordezkariak.
Lehenengo bilera “hiru kaien egoera” aztertzeko baliatu zuten. “Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen eta espazio berean hiru jarduera, hau da, arrantza-jarduera, salgaien garraioa eta uretako aisialdia, egiten diren portu bakarra da”, zehaztu du Goitiak. Merkataritza-portuari dagokionez, iaz portura 83 merkataritza-ontzi sartu zirela eta deskarga-bolumena 180.000 tonakoa izan zela zehaztu zuten.
Arrantza-portuak, berriz, bertako ekonomian “funtsezko zeregina” betetzen duela azaldu zuten, 30 ontziz osatutako flota baitu. 2024an Bermeoko Kofradiaren arrain-salmentak “2.700.000 kilogramo ingurukoak” izan ziren. Aisialdiko portuan, Portu Zaharrean, esleitutako 400 amarraleku daude.
Portuaren “lehiakortasuna eta jasangarritasuna” hobetze aldera, “portuaren garapenerako eta modernizaziorako alderdi estrategikoak” eztabaidatu zituzten atzo, epe labur eta ertaineko inbertsioak aztertzeagaz batera: izotz-fabrika eraikitzea eta lekuz aldatzea edo izotz-fabrikaren egungo eraikina eraistea, besteak beste.
Goitik nabarmendu duenez, zerbitzu eta azpiegiturak portura lekualdatuko dira, “garapenean laguntzeko”: “Bermeoko portuaren plan berezia laster onartzearekin batera, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko adierazpena berriki argitaratu ondoren, merkataritza-portura eramango dira zerbitzuak eta azpiegiturak, etorkizuneko garapenean laguntzeko”.
Era berean, Jaurlaritzako Euskal Kirol Portuen zuzendaritzak “Artza inguruan pantalanak jartzeari esker” amarraleku kopurua handituko duela iragarri du: “Ontzitegi-orgak egokituko dira eta kapitaintza-bulego berria gaituko da”. Horrez gain, “portuko eragiketekin, sektoreen beharrekin eta etorkizuneko inbertsioekin lotutako gaiak” ere landuko dituztela azaldu dute.