Euskal derbia Malosten geratu da
Lointek Gernika Bizkaiak IDK Euskotren hartu du Malosten, ligako 21. jardunaldiak emandako euskal derbian. 71-65 gailendu da etxeko taldea, horrekin asteko bigarren garaipena poltsikoratuz, eta playoff postuetan mantentzeko borrokan jarraitzea ahalbidetuz.

Emakumezkoen Endesa Ligako 21. jardunaldia hartu zuen atzo (otsailak 16) Malostek. Euskal derbian neurtu ziren Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren, hain zuzen, eta etxekoek sendo lortu zuten garaipena; 71-65 gailendu ziren. Atzokoarekin, asteko bigarren garaipena partikaratu zuten Lucas Fernandezenek, izan ere, eguenan, Celtaren aurka aritu ziren norgehiagokan. 54-57 irabazi zuten, playoff postuetan mantentzeko borrokan jarraituz.
Lehenengo zati itzela burutu zuten gernika-lumotarrek Euskal Derbiari hasiera emateko, eta aurkariei 20 puntuko aldea ateratzea lortu zuten atsedenaldia baino lehen. 14-5 abiatu ziren, Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzaileari lehenengo hutsartea eskatzera bultzatuz. Laura Westerik bere talde ohiaren aurka jokatzen ari zen, eta nabari zitzaion; gogotsu atera zen, bi bi gehi bateko poltsikoratuz. Itziar Ariztimuño, gainera, nagusi izan zen partidu guztian zehar. Gernika-lumotarrek finkatu zuten partidaren erritmoa, alegia. Donostiarren defentsak, oro har, hutsune ugari zituen, eta horretaz baliatu zen etxeko taldea, sarrerarik sarrera markagailuan puntuak gehituz.
Bisitariak, markagailuko desabantaila ikusirik, zonako defentsara igaro ziren, horrela foru herrikoei traba gehiago jarri asmoz, baina ez zen guztiz horrela izan; pazientziaz jokatu zuten Fernandezenek, aurkarien defentsan hutsuneak aurkituz. Gainera, erasoko errebotean boteretsu agertu ziren, horrela donostiarrak zigortuz. Horrez gain, bigarren laurden amaieran, egunero Malosten eta Santanapen entreatzen duten haurrek, lehenengo mailan jokatzea posible dela ikusi zuten. Izan ere, Ane Olaeta, Marta Alberdi eta Naia Zubiaga gernika-lumotarrak izan ziren kantxan atsedenaldira heldu aurretik. 51-29 markagailuan, etxekoen alde. Horrela amaitu zen partiduaren lehen zatia, Malosten.
Muguruzaren ezaugarrietako bat, bere taldeek defentsan izan ohi duten sendotasuna da. Hori ikusirik, atsedenalditik bueltan beste IDK Donostia bat atera zen. Zonako defentsan jarraituz, baina oraingo honetan etekina ateraz. Gernika-lumotarrek lortutako aldea gutxitzen hasi zen, 10 puntuko alde soilera heldu ziren arte. Orduan bai, partida zegoen Malosten. 61-48 markagailuan.
Iraganeko mamuak.
Perfumerias Avenidaren aurkako partida zuten kiroldegira gerturatutakoek buruan. 20 puntuko aldearekin partida hasi, baina porrota poltsikoratu zuten, hain zuzen, Salamankako taldearen aurka. Fernandezek, hori ekiditeko bi hutsarte eskatu zituen. Izan ere, lehenengo zatian 51 puntu saskiratu ostean, bigarrenean 20 baino ez zuten saskiratu, eta derbia irabazi nahi baldin bazuten, hori aldatu beharra zegoen. Donostiarrak fin aritu ziren, halaber, eta hiruko batekin markagailua berdintzea lortu zuten. Hala ere, akats bat zein beste izan zuten, eta etxekoek horretaz baliatzen jakin zuten; Ariztimuñok jaurtiketa libreko lerrotik ziurtatu zuen partida, azkenik, 71-65 gailenduz.
Fernandezek, beregain, taldea zoriondu du, aste guztian zehar egindako lan bikainagatik: “Lehiaketako une gogorra da hau, eta eguenan zein gaur etxean irabaztea oso garrantzitsua da guretzat. Partida biak, guztiz desberdinak izan dira, eta biei aurre egiteko gai izan gara. Oso pozik nago taldearekin”.
Astea pozik hasi, eta hurrengo asteburuan Valencia Basketen aurka lehiatu beharko dira, etxetik kanpo. Zapatuan (otsailak 22), 19:15ean La Fontetan arituko dira nor gehiagokan, beste garaipen bat eskuratzeko asmoz.