Bartzelonan, basurdeak nagusi
Gernika Rugby Taldeak Bartzelonara bidaia egin du asteburuan, CR Sant Cugat taldearen aurka lehiatzeko; 18-21 gaildendu ziren basurdeak horretan. Hurrengoa etxean izango dute, CR Liceo Francesen aurka.

Gernika Rugby Taldea Elite Ligaxkan lehiatzen ari da, eta horretan, orain arte jokatutako partida guztiak irabazi egin dituzte. Atzo (otsailak 16), Bartzelonan izan ziren basurdeak. Alegia, zapatuan (otsailak 15) atera ziren Gernika-Lumotik, domekan 12:00etan CR Sant Cugat taldearen etxean jokatzeko helburuz. Partidu “gogorra, fisikoa eta lehiatua” izan dela nabarmendu dute taldekideek, baina beste garaipen bat poltsikoratzea lortu dute, 18-21ko emaitzarekin. Esan dute, gainera, etxetik kanpo jokatzen dituzten partida guztiak dutela zailtasun gehigarri bat: “Kanpoko partidak zailagoak dira. Partiduko bezpera bidaiatzen igarotzen dute jokalariek, eta gaba hotel batean pasatzen dute. Ez da etxean bezala atseden hartzen, eta horrek partidan eragina izaten du”.
Goraipatu dutenez, aurreko fasean, kontran ensaio gutxien jaso zituen taldea da CR Sant Cugat, eta hori “argi nabaritu” zuten basurdeek partidu guztian zehar. Izan ere, defentsan “oso sendoak” ziren, besteak beste. Hala, partidua oso interesgarria izan zen azken minutura arte, aditzera eman dutenez: “Lehen zatian zehar, bi aldiz jarri ginen aurkarien aurretik markagailuan, eta bietan jarraian erantzun ziguten. Atsedenaldira galtzen joan ginen, ez baitgenuen gure jokurik onena egin. Horrela ere, defentsan taldea irmo mantendu zen, eta horrek, bigarren zatian zertxobait hobeto irtetea ahalbidetu zigun. Partida hor izan zen partida osoan. Azken jokaldian sartu genuen garaipena eman zigun ensaioa guk, alegia”.
Ligaxka honetan, ordea, partidu denak dira gogorrak, eta hori badakite gernika-lumotarrek. Urbieta beraien gotorleku izan behar dela badakite, horrela etxeko partidak “bai ala bai” irabazi ahal izateko. Etxean hartuko duten hurrengo taldea CR Liceo Frances izango da. Talde madrildarra, aurreko fasean talde-buru izan zen, eta beraz, “talde oso potente” gisa dute etxekoek, baina Urbietan, zaleen laguntzarekin lortu dezaketela aurreratu dute.