Podemosek Urdaibaiko Guggenheimi buruzko kontsulta "berandu" iritsi dela dio
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako entzute prozesua "irudia garbitzeko” estrategiatzat jo du Podemos Euskadik.

Podemos Euskadik hasieratik agertu du Guggenheim Museoa Urdaibaira ekartzearen aurkako jarrera, Biosferaren Erreserba babestu egin beharko litzatekeela eta horrelako museo batek eremuari “kalte handiak” eragingo liozkeela iritzita. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gaur (otsailak 14) aurkeztuteako entzute prozesua “berandu” iritsi dela dio, eta “irudia garbitzeko” estrategiatzat jo du.
Richar Vaquero Bizkaiko batzarkide eta Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak esan du Guggenheim Museoa eskualdera ekartzea bezalako proiektuak “ezin direla indarrez” gailendu herritarrekin koordinatu barik. “Kasu honetan, proiektu honek sortuko lukeen kalte konponezinaz jabetuta, uste dugu herritarrek dagoeneko hitz egin dutela; izan ere, milaka pertsona kalera atera ziren proeiktua baztertzeko manifestazioetan”, adierazi du. Gogoratu du, gainera, aldundiak eta jaurlaritzak denbora luzez bultzatu gura duten proiektua dela Guggenheim Urdaibaira ekartzearena: “Ikusi dugu eskualdeko plan estrategikoa aurrera eroateko elkarrizketa prozesu bat iragarri zutela, zeinetan ez duten sartu Guggenheim Urdaibairi buruzko eztabaidarik”.
Hala, uste dute proiektuari buruzko erabakia hartzeko 2026ra bitarteko tartea izatea estrategia dela: “Denbora nahikoa da herritarren ezinegona baretzen saiatzeko, ondoren, eta ziurrenik, proiektua inposatzeko. Ze, Ahaldun nagusiak esan zuen museoa bai ala bai eraikiko zela, eta behin baino gehiagotan utzi du argi hori”.
Horren aurrean, Podemosekoek esan dute lanean jarraituko dutela erakundeetan Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesteko, eta abenduan Brusrelara egindako bidaia gogoratu dute. Izan ere, Irene Montero eurodiputatuagaz bildu ziren eta Monterok Europan ekimen parlamentario bat erregistratu zuen: “Gauden erakunde guztietan biosfera babesteko borrokan jarraituko dugu, ingurumen atentatu hori gerta ez dadin”.