Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak entzuteko prozesu bat bultzatuko dute eskualdean
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Guggenheim Museoa Urdaibain zabaltzeko proiektuaren bultzatzaile diren heinean, "laster hasiko den" eta "2025ean mila testigantza" jasoko dituen entzute aktiboko prozesu bat aurkeztu dute gaur, Gernika-Lumon.

Gaur (otsailak 14) aurkeztu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi den Elixabete Etxanobek eta Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Ibone Bengoetxeak Busturialdea-Urdaibai eskualdean egin nahi den Guggenheim proiektuarekin lotutako aktiboki entzuteko prozesua, Gernika-Lumon. Gernika Elkartegia enpresa-zentroan, hain zuzen. Etxanobez eta Bengoetxeaz gain, beste hauek ere bertaratu dira: Gorka Espiau eta Itziar Moreno, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies zentroko zuzendaria eta zuzendarikidea, hurrenez hurren, eta Joshua Fisher, Columbiako Unibertsitateko Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasuneko Partzuergo Aurreratuko (AC4) zuzendaria.
Aditzera eman dutenez, gainera, aurkezpenaren aurretik, eskualdeko hogei herrietako alkateekin batzartu dira aipatutakoak, horrela, prozesuaren xehetasunak aurretiaz jakinarazteko. Azaldu dutenez, 2025ean 1.000 lekukotasun baino gehiago biltzea aurreikusten dute horrekin, “Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzaren menpre”. Prozesu horrek metodologia akademiko garden eta zorrotza bermatuko duelaren ideia jarraituz, argi dute, Busturialdea garapen eta ongizatez beteriko etorkizun baterantz gidatuko duten kontakizunak eta elementu komunak identifikatzeko aukera ahalbidetuko duela.
Gauzak horrela, Etxanobek entzutea beharrezkoa dela azaleratu du, beregain, gaurko aurkezpenean: “Eztabaida sozial konplexua da esku artean duguna; izan ere, pertzepzio positiboak eta negatiboak nahasten dira Busturialdea-Urdaibain Guggenheim Museoa handitzeko proiektuak izan ditzakeen inplikazioak direla eta. Konplexutasun hori ulertzeko eta sentsibilitate desberdinei erantzuna ematen saiatzeko, beharrezkoa da entzutea. Horixe da hartu dugun konpromisoa”.
Bengoetxeak nabarmendu duenez, “ez da ohiko prozesu bat izango; herritarrei entzuteko eta haien pertzepzioak hobeto ulertzeko borondate zintzo eta sakon bati erantzuten dion prozesu neutrala izango da”. Horrez gain, gaineratu du, prozesuaren helburua ez dela konbentzitzea, baizik eta “batzen gaituzten elementu komunak identifikatzea”.
Bost fase.
Bost fasetan bereiztu dute prozesua, esan dutenaren arabera. Lehenengoa, eragile guztien mapa egitea izango litzateke, “eskualdeko garapen jasangarrian lan egiten duten eragile guztiak identifikatzeko”. Bigarrena, kontakizunak biltzea, “banakako zein taldekako elkarrizketak eginez”, batik bat. Hirugarrena, pertzepzio-patroiak identifikatzea; “diskurtso publikoak eta ezkutuko kontakizunak bereiztea” ahalbidetzeko. Laugarrena, interpretazio kolektiboa, “jasotako informazio guztia interpretatuz”. Bosgarren fasea, azkenik, iradokizun eta ekarpenak aurkeztea izango litzateke. Ziurtatu dute, halaber, prozesua “erronkei lankidetza-dimentsiotik heltzeko beharrizanean oinarrituta” dagoela.