Umore binetak, klima aldaketari aurre egiteko nahia bultzatzeko bitartekariak
Ballena Blanca ingurumen aldizkariak sortutako ‘Klima aldaketak ez du graziarik’, erakusketa ikusgai dago Busturiko Ekoetxea Urdaibai ingurumen-zentroan. Umorista grafikoek egindako hamabost binetak osatzen dute klima aldaketaren inguruan gizartearen inplikazioa areagotzea helburu duen bineta bilduma.

Ukatzen duenik egon badago ere, hainbat eta hainbat ikerketa dira aldaketa klimatikoa errealitatea dela frogatzen dutenak. Datuak ezagutzen dira, eta gutxinaka, ondorioak ere begibistakoak izaten hasiak dira. Oraindik baina, horri aurre egiteko gizartearen inplikazioa falta dela antzeman dute askok, tartean, Ballena Blanca ingurumen aldizkariak.
Inplikazio hori bilatzeko asmoz, umorista grafikoengana jo zuten, audientzia ezberdinetara iristeko, umorezko binetaz osatuta erakusketa sortzeko: Aldaketa klimatikoak ez du graziarik erakusketa. Hainbat ingurumen zentro eta udalerritatik igaro ostean, Ekoetxea Urdaibain bisitatzeko aukera egongo da datozen hilabeteetan.
Erakusketa hamabost binetak osatzen dute, eta denek ala denek gaur egungo errealitateko arazo edota klima aldaketaren ondorioak dituzte oinarrian, eta informazio panel batek laguntzen ditu. Kapek sinatutako binetak, esaterako, auto erraldoiei egiten die erreferentzia: “Espainian saltzen diren auto berrien ia erdiak SUV dira, auto erraldoiak”. Azaltzen duenez, auto horiek «oso astunak» dira, eta karbono dioxido “gehiago” isurtzen dute: “2018an ibilgailuen emisioak handitzeko arrazoietako bat hiriko tanke horien moda izan zen”.
Lurraren berotzea.
Ekoetxeako hormetan ikusi daitekeen beste obretako bat Ana Oncinaren Alderantziz ilustrazioa da, eta “berotze globalaren ondorioz negua galtzearen aurkako protesta aktiboa” islatzen du. Zehazten duenez, Karlos III.a Osasun Institutuak egindako ikerketaren arabera, neurririk hartu ezean, “hilkortasunak gora» egingo du, “12.000 heriotza eraginez urtero Espainian, orain gertatzen ari diren 1.400 heriotzen ordez”.














