'Irabazi arte!' telesailaren 4. denboraldiaren estreinaldia egongo da eskualdeko herrietan
Asteburuan Ajangizen, Ean eta Bermeon 'Irabazi arte!' telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia egongo da.
2022ko otsailaren 11n estreinatu zen Irabazi arte! telesaila ETB 1en, eta ordutik, Euskal Herriko milaka neraberen barikuetako hitzordua bihurtu da. Printzesak futbol taldearen abenturak kontatzen ditu telesailak, eta laugarren denboraldia ate joka daukan arren, aurrestreinaldiagaz gozatzeko aukera egongo da otsailaren 14an eta 16an, Ajangizen, Ean eta Bermeon. Sarrera guztiak doan izango dira.
Bihar [otsailak 14] Ajangizen eta Ean egongo da ikusteko aukera. Ajangizen 18:30ean kultur etxean, eta Ean, 19:45ean, Eskolondon. Domekan [otsailak 16] bermeotarren txanda izango da, eta Nestor Basterretxea aretoan izango dute hitzordua, 11:00etan.