Gernika-Lumoko merkataritza "egonkortu eta modernizatu" egin da
Udalaren ekimena den Merkataritza Behatokiak baieztatu du sektoreak bilakaera positiboa izan duela eta "lankidetza estua" izan duela Udalarekin.
Udalaren ekimena da Merkataritza Behatokia, eta tokiko 43 establezimenduri egindako elkarrizketetan oinarritu da, batez ere. Merkataritza-sarean familiaren ondorengotzak duen garrantzia nabarmentzen du horrek, negozioen % 33 bigarren edo hirugarren belaunaldiek kudeatzen baitituzte. Gainera, tokiko merkataritzan emakumeak duen funtsezko zeregina ere azpimarratzen du, negozioen titulartasunean emakumeen presentzia %68koa izanik, zerbitzu pertsonalen sektorean %100era iritsiz.
Ikuspuntu ekonomikotik, beregain, udal gobernuaren hitzetan, datuek islatzen dute saltoki gehienek “jarduerari eustea lortu dutela, nahiz eta KPIa igo”. “Inkestan parte hartu dutenen % 61ek adierazi du negozio-bolumenak bere horretan jarraitu duela, edo are gehiago, hazi egin dela aurreko urtearekin alderatuta. Halaber, saltokien %27k bezero berriak gehitu ditu, eta horrek jarduera komertzialaren dinamismo adoretsua adierazten du”, azaldu dute.
Jon Lejarraga Merkataritza zinegotziak, halaber, positiboki baloratu ditu emaitza horiek, eta erakundeen babesaren garrantzia azpimarratu du: “Gernika-Lumoko Udaletik tokiko merkataritzaren alde egiten jarraitzen dugu, eta gure merkatariek merkatuaren aldaketetara egokitzen jarraitzeko funtsezkotzat jotzen dugun lankidetza estua mantentzen dugu”. Digitalizazioak eta TicketBai sistema bezalako araudi berrietara egokitzeak ere sektorearen norabidea markatzen dutela argi adierazi du Lejarragak: “Saltokien %42k dagoeneko ezarri dute fakturazio digitaleko sistema hori, eta beste %24 hori egiteko prozesuan daude; horrek erakusten du modernizazioaren aldeko apustua egin dutela”.
Itxaropentsu.
Etorkizunerako itxaropenei dagokienez, Gernika-Lumoko merkataritza “baikorra eta kontzientea” da bere indarra produktuaren kalitatean, tratu pertsonalizatuan eta bezeroen fidelizazioan datzala. “Tokiko merkataritzaren arrakasta zerbitzu bikaina eta bereizia eskaintzen jarraitzean datza. Jendea gure establezimenduetan sartu eta pozik ateratzea nahi dugu, itzultzeko gogoz”, aipatu du Merkatariza zinegotziak.
Gauzak horrela, foru herriko udalak tokiko merkataritzarekiko konpromisoari eusten dio, eta “lehiakortasuna eta erakargarritasuna indartzeko ekimen berriak lantzen” jarraituko du. Izan ere, behatokiaren datuek erakusten dutenez, nahiz eta erronkak izan, “sektoreak udalerriko ekonomian eta bizimoduan funtsezko zutabe” izaten jarraitzen du.