Bihar zabalduko dute XII. Ibarruriko Mendi Martxarako izen ematea
Martxoaren 2an egingo dute Ibarruriko Mendi Martxa. Bihar [otsailak 14] zabalduko dute aurretiazko izen ematea, hilaren 24ra arte izango dena.
Busturialdeko nahiz inguruko mendizale nahizm mendi korrikalariak berotzen hasteko moduan daude. Martxoaren 2an (domeka), Ibarruriko Mendi Martxaren XII. ekitaldia egingo dute, herriaren inguruko mendietan barrena. Bihar bertan [otsailak 14] zabalduko dute Internet bidez aurretiaz izena emateko epea, hilaren 24ra arte luzatuko dena. Edozelan ere, egunean bertan animatzen direnek ere horretarako aukera edukiko dute. Aurretiaz izena emanez gero, parte hartzeko prezioa 10 eurokoa izango da; egunean eginez gero, aldiz, 15 eurokoa.
Ohiko legez, hiru aukera edukiko dituzte mendizaleek: martxa laburra, luzea eta mendi lasterketa. Aukera luzeak eta lasterketak ibilbide berbera edukiko dute: 20 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibelduna. Ibarruritik aterata, parte hartzaileek Ajuria, Berroja eta Urrutxu harrapatuko dituzte; handik, Oiz mendira joko dute, San Kristobal baselizaraino. Bertatik ekingo dio beheranzko bideari, Mauma aldera; Lapazaran eta Asteitik igarota, Ibarrurira iritsiko dira. Aukera laburrekoek, ostera, 9 kilometro eta 300 metroko desnibeldun ibilbidea egin beharko dute, eta Askari mendia izango da beraientzat erreferentziazko gailurra.
Jan-edanaz eta jai giroaz gain, eguraldiak galarazi ezean, umeentzako jolasak hartuko ditu plazak
Ibilbide luzeko martxalariak 08:30ean hasiko dira oinez; laburrekoak, aldiz, 10:15ean. Lasterkariei dagokienez, 10:00etan ekingo diote lehiari. Helmugaratzean, jan-edana eta jai giroa edukiko dituztela aurreratu dute Saltsamendi Kultur Taldeko antolatzaileek, kirola “egun ederra igaroteko aitzakia” baita. Ez hori bakarrik: eguraldia lagun izanez gero, umeentzako jolasak ere egingo dituzte Ibarruriko plazan. Aurretiaz izena ematen dutenek kamiseta jasoko dute opari; egunean bertan animatzen direnek, ordea, “beste oroigarri bat”.
Etiketa berdearen aterkipean.
Mendian eta mendizaleen artean arduraz eta modu etikoan jokatzea sustatzen duen Etiketa Berdea ekimenaren barruan kokatuta dago Ibarruriko Mendi Martxa. Hori horrela, lehen anoa postuan, edalontzi berrerabilgarria jasoko dute parte hartzaileek. Hain zuzen, Etiketa Berdeak Euskal Herriko hainbat mendi talde, klub nahiz lasterketaren babesa jaso du, tartean, Saltsamendi Kultur Taldearena. Mendiaren planteamendu etiko, jasangarri eta errespetuzkoa du zutabe egitasmoak, neurri praktikoetatik abiatuta.