Lekuek jaialdiak apirilaren 10etik 13ra bitartean musikatuko du Gernika-Lumo
Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta, lau egunez girotuko du udalerria. Nagore Legarretak egin du edizio berriaren kartela, eta dagoeneko bonoak salgai jarri dituzte.
11 urtez Gernika-Lumoko hamaika txoko, kale, taberna, espazio eta leku musikatu ditu Lekuek jaialdiak, eta, aurten, hamabigarren aldian, apirilaren 10etik 13ra bitartean musikatuko ditu udalerriko txoko ezberdinak. Ahoz aho zabaltzen ari dira aurtengo Lekuek, ozen esateko eta oihu egiteko aldarriagaz, eta dagoeneko salgai jarri dituzte jaialdiko bonoak.
Hala, txikitasunean handi den jaialdiak hiru kontzertu baieztatu ditu dagoeneko: Capsula, Christina Rosenvinge eta Dupla. Hala ere, horiek eta beste asko izango dira boluntarioen lanari esker herritarrek sortuko duten jaialdiaren oinarria, izan ere, datozen egunetan jakinaraziko dituzte talde gehiago. Kontzertuez gain, “emanaldi berezi” batean Itoiz Udako Sesioak dokumentala ikusteko aukera ere egongo dela iragarri dute.
Jakinarazi dutenez, salgai jarri dituzte Lekuekeko bonoak, formatu fisiko zein digitalean. Beraz, jaialdira bertaratu gura duenak www.gernikakolekuek.com webgunean edota Astran eskuratu ditzake sarrerak.
Zaletasuna oinarri hartuta bultzatzen den musika jaialdia da Lekuek, era parte hartzailean landutakoa, zabala, elkarlanean oinarritzen dena eta autentikoa. Musikazaleen bultzadari esker egiten dute, eta udalerriko bilgune ezberdinen ekarpena ezinbestekoa izaten da hori aurrera eroateko: Astra, Iparragirre Rock Elkartea eta Kult Parnasoa dira Lekueken bultzazaile nagusiak, baina badira jaialdia egiten laguntzen dutenak ere bai, Gernikako Kultur Etxea, kasu.
Sormen handiko adierazpenei eta interes artistikoei lekua egitea da jaialdiaren helburua, eta aurtengoan ere asmo horri eutsiko diote, ahoz aho. Eta, 11 urtetan lortutakoari eutsiko diote, Nagore Legarreta artistak sortutako aurtengo irudiari helduz. “Argazkilaritzan trebea den artistak bere ikonosferan agertzen diren personaien argazkiekin konposizio batzuk sortu ditu, edizio honetan agertuko diren taldeak aurkezteko”. Urtero artista ezberdin batek diseinatzen du kartela, eta, aurten, Legarreta txanda izan da.