Urdaibai Luruna, merezimendu osoz Euskal Ligara
Urdaibai Lurunak etxeko ikusleen aurrean lortu du Euskal Ligan jokatzeko txartela, Isla Kale kiroldegian egindako igoerako Lauko Final apartaren ondoren.

Urdaibai Luruna eskubaloi taldeak, Bizkaiko Txapelketa poltsikoratu ondoren, beste urrats esanguratsu bat egin du iragan asteburuan, Isla Kale kiroldegian. Maila handiko aurkarien aurka Euskal Ligara igoerarako Lauko Finala jokatu du eskualdeko taldeak, eta helburu hori lortu ere bai. Hiru egunetan lehiatu zuten, barikutik [otsailak 7] domekara [otsailak 9] bitartean, igoera norgehiagoka.
Barikuan, Zuazoren kontra neurtu zituzten indarrak. Lehen zatiaz geroztik argi eta garbi geratu zen partidu gogorra izango zela, etxekoek lau puntuko alde txikia besterik ez baitzuten eskuratu. Bigarren zatian, Zuazok bere maila hobetu zuen, eta, puntu biko aldeagaz goitik ibili arren, etxekoek lortu zuten arerioa kontrolpean mantentzea. Azken minutuetan “zenbait akats” egin zituzten etxekoek, azaldu dutenez, “debutaren urduritasunagatik”; 32na berdinduta amaitu zuten lehen partidua.
Zapatu goizean, Euskal Ligatik jaitsiera jokatzen ari zen Pulpo taldea eduki zuten aurkari. “Hautagai nagusia” zen, gainontzeko taldeek baino liga bat gorago jokatu baititu azken partiduak. Edozelan ere, aurreikuspen denak gaindituz, etxekoek garaipen izugarri lortu zuten: 27 eta 25. “Egundoko partidua” izan zela nabarmendu dute Urdaibai Lurunako kideek: “Itzelezko maila erakutsi genuen, uste baino hobea. Pulpo teorian gu baino gehiago zela jakinda ere, sufritzeko eta aldeko markagailua aurrera ateratzeko gai izan ginen”. Domekako jardunaldiari begira, irabazteak besterik ez zien balio busturialdetarrei. Presio handia eduki zuten Bidasoaren kontrako lehian, baina uste baino partidu “erosoagoa” topatu zuten: “Ez gintuzten estutasun oso larrietan jarri, eta, nahitaez irabazteko eginbeharra izanda ere, 22 eta 29 nagusitu ginen, zelanbaiteko erosotasunez”.
Pulpo jokatzen egonda, “ustekabean” harrapatu ditu igoerak. Gainera, etxeko ikusleen aurrean lortu dute helburua. Aurrerantzean, ligaren bigarren fasea Euskal Ligako taldeen kontra jokatuko dute: “Badakigu koska bat gorago daudela Euskal Ligako taldeak, klub antolatuagoak eta indartsuagoak direla, baina frogatu dugu bagarela edonori aurre egiteko bezainbeste. Pozarren gaude lortutakoaz, eta prest datorrenari aurpegia erakusteko”.