Mendatako Udalak WhatsApp kanal ofiziala jarri du martxan
Mendatako bizilagunek "herrian gertatzen den guztiaren berri izateko" asmoz, WhatsApp kanal berria sortu du Mendatako Udalak.
Mendatako Udalak jakinarazi duenez, WhatsApp kanal berria martxan jarri berri dute. Gaur egun udalaren difusio-zerrendan daudenek WhatsApp kanal berrian nola sartu jakiteko eta harpidetzeko jarraitu behar duten informazioa jasoko dutela aurreratu dute. Kanalera sartu nahi duten beste edozein bizilagunek hiru urrats jarraituz egin ahal izango dute: “Kanala ireki, eta goiko ezkerreko ‘Jarraitu’-n klik egin behar da kanalaren parte izateko. Behin hori eginda, kanpaitxoaren gainean ere klik egin behar da, erabiltzaileek udal-kanalean partekatutako albisteen jakinarazpenak jasotzeko”.
Komunikazio “hurbilago eta zuzenago“ baten aldeko apustua egiten jarraitzen dutela azpimarratu dute udal ordezkariek. “Horregatik WhatsAppeko kanal berri hau martxan jartzea erabaki dugu”, adierazi du Mendatako alkate den Joseba Malleak: “Bertan, Mendatako herritarrek udalerriari buruzko informazio eguneratua, ohar interesgarriak eta albiste garrantzitsuak” jasoko dituzte. Mendatarrak kanaleko edukia jarraitzera gonbidatu ditu alkateak: “Mendatak aurrera egiten jarraitzea nahi dugu, baita gure bizilagunek gure herrian gertatzen den guztiaren berri izatea ere, modu erraz eta azkarrean. Gonbidapena luzatzen diet guztiei harpidetu daitezen, eta horrela, komunikazio bide berri hau aprobetxa dezaten”.