Beharrezko bultzada psikologikoa
Gernika Rugby Taldeak indartsu hasi du Elite Ligaxka: basurdeak 41 eta 7 gailendu dira Complutense Cisneros Zeta taldearen kontra, etxean. Hurrengo hitzordua domekan [otsailak 16] jokatuko dute, CR Sant Cugaten kontra.

Elite Ligaxkara sailkatzea urteko helburu handiena zen Gernika Rugby Taldearentzat, denboraldia hasi zutenean. Lortu ez ezik, euren multzoko lidertzan sailkatu ziren. Orain, egindako lan guztia zukutzea eta maila handiko arerioen aurka beraien aurpegirik lehiakorrena erakustea dagokie basurdeei. Iragan zapatuan [otsailak 8] abiatu zuten Elite Ligaxka, Complutense Cisneros Zeta taldearen aurka eta etxeko jarraitzaileen aurrean. Aurkaria sendoa izanik ere, gernika-lumotarrak ez ziren inondik inora kamustu, eta maila handiko garaipena poltsikoratu zuten, ligaxkako lidertzara arte hauspotu dituena.
Talde gazte eta dinamikoa eduki zuten aurrez aurre Urbietan, bizkorra, eta baloia zabaletara irekitzea jomuga zuena. Horren aurrean, aurrelarien jokoa baliatu zuen Gernika RTk, partidura ondo egokituz. Horren isla izan zen markagailua, lehendabiziko zatiaren amaieran: 22 eta 0, etxekoen alde. Bigarren zatian, joko estatikoa ustiatu zuten etxekoek, uztartzeetan nahiz alboko sakeetan plazaratzen zitzaizkien aukerak aprobetxatuz. “Baloia geldi zela, nagusi izan ginen; egoera haietan min handia egin genuen, eta etsaia baino gehiago izan ginen”, azaldu dute Gernika RTko ordezkariek. Azkenean, alde azpimarragarriagaz nagusitu zen etxeko taldea: 41 eta 7.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Garaipena lortzea “garrantzitsua” dela adierazi dute taldekideek, baina garaipenak emandako bultzada psikologikoa “are garrantzitsuagotzat” jo dute: “Maila honetan, ez dago partidu errazik edota aurkari txarrik. Partidua ondo prestatu genuen, geure estrategiari fidel mantendu gintzaion, eta emaitzak horri esker lortu genituen. Gainera, bidaia egin behar ez izatea ere geure alde baliatu genuen, alde fisikotik atsedena hartuta aritu baikinen”.
Partidu gogorra begibistan.
Dinamika hori, baina, errotik aldatuko zaie datorren asteburuan, Bartzelonara bidaia egingo baitute. Zapatuan [otsailak 15] aterako dira Gernika-Lumotik, domekan [otsailak 16] 12:00etan CR Sant Cugat taldearen etxean jokatzeko. Partidu “gogorra, fisikoa eta lehiatua” izango dela aurreratu dute taldetik: “Kanpoan jokatuko ditugun partiduetan, datorren domekakoa barne, gogotik sufritzea egokituko zaigu, baina uste dugu garaipenaren borrokan ibili ahalko garela, geure mailarik onena aurkitzen baldin badugu; etxeko lau norgehiagoketetan, aldiz, Urbieta geure gotorleku bihurtu beharko dugu bai ala bai”. Etxean hartuko duten hurrengo taldea, aste bi barru, CR Liceo Frances izango da.