Argazkilaritzaren oinarriak ezagutzeko aukera, Berbalagunen eskutik
Otsailaren 13an (eguena), Gernika-Lumoko Kultur Etxean argazkilaritza tailerra antolatu dute Berbalagunek; CAOS Studioko Unai Alba eta Julia Alvarez argazkilari profesionalak gerturatuko direla nabarmendu dute, besteak beste.
Gernika-Lumoko Berbalagunek argazkilaritza tailerra antolatu dute; otsailaren 13an (eguena) jorratuko dute, Kultur Etxean. Aditzera eman dutenez, Gernika-Lumoko CAOS Studioko argazkilari profesionalak diren Unai Alba eta Julia Alvarez bertaratuko dira, argazkilaritzari buruzko oinarrizko azalpenak emateko eta teknika desberdinak azaltzeko asmoz. “Iraganean, argazki-kamerarekin soilik ateratzen genituen erretratuak; gaur egun, berriz, gure mugikorra da eginkizun horretako erabiltzen duguna”, nabarmendu dute antolakuntzatik.
Izan ere, hori dela eta antolatu dute sakeleko telefonora zuzendutako tailerra. Albak zein Alvarezek “mugikorrak eskaintzen dituen baliabideak eta aukerak hobeto erabiltzen” ikasteko aukera ahalbidetuko dutela argi dute, gainera, argazki dotoreagoak ateratzeko aukera emanez. Bakoitzak bere mugikorra eramatea gomendatu dute, halaber, Berbalagunek. Tailerraren bukaerara begira ere, erronka bat prestatu dutela aurreratu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek, oro har.
Tailerrera joan ahal izateko, izena ematea ezinbestekoa dela azaldu dute, gainera, eta horretarako 600 48 20 10 telefonoa ahalbidetu dute; WhatsApp bidez eman behar da izena.