Pello Bilbao, garaipenari ate joka
Pello Bilbao Lopez de Armentiak bigarren postua lortu du Volta a la Comunitat Valenciana itzuliko bigarren etapan. Bahrain Victorious etxeko bere taldekide Santiago Buitrago bakarrik aurreratu zaio Font de Partegat mendate gailurrean.
Ozta-ozta. Lehen postua esku-eskura eduki ondoren, maila handiko bigarren postuagaz abiatu du denboraldia Bahrain Victorious taldeko Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernika-lumotarrak. Eguaztenean [otsailak 5] hasita eta domekara [otsailak 9] bitartean, Volta a La Comunitat Valenciana itzulian eman dio hasiera sasoiari Bilbaok, eta zelan eman, gainera. Gaur, bigarren etapan bigarren postua lortu du, bere taldekide Santiago Buitrago kolonbiarraren ondoren helmugaratuta.
Lasterketa ireki zuen atzoko taldekako erlojupeko saioan zazpigarren izan ondoren, neguan egindako lan gogorra plazaratu du Bahrain Victorious taldeak. La Nucian hasi da bigarren eguna, eta Benifato herriko Font de Partegat mendatearen tontorrean eduki dute helmuga ziklistek. Mendate hori orduko, baina, Benimantell mendatea igo dute, eta aldapa horren jaitsieran hartu du aurrea gernika-lumotarrak, ohiko legez, bere kartak aztiki jokatuz eta momenturik egokienean erasora joz. Movistar etxeko Ivan Romeo gaztelarra Eta Ineos Grenadiers taldeko Tobias Foss norvegiarra lagun izan ditu lehendabiziko maldetan, baina, aldapak koskortu bezain pronto, argi eta garbi geratu da Bilbao ihesaldiko sendoena zela.
Bere erritmoa ezarriz, iheslagunak gurpiletik atera ditu, eta bakarrik iritsi da azken kilometroaren pankartapera, faboritoen multzo murriztuarekiko segundo gutxi batzuen abantailagaz. Azken kilometroaren barruan, bere taldekide Buitragok gogor jipoitu du taldea, eta metro batzuetako abantaila eskuratu du, lasterketa burura iritsi arte. Bahrain Victoriuseko txirrindulari bien artean erabaki da garaipena, eta, azken metroetan, kolonbiarra nagusi izan da. Denboraldi hasierako probetan maila handia bistaratu ondoren, bizkorrena izan da Font de Partegat gailurrean. Bilbao bigarren helmugaratu da, bederatzi segundotara; UAE Team Emirates-XRG etxeko Joao Almeida portugaldarra hirugarrena izan da, hamahiru segundotara amaituta.
Pello Bilbao: “Etapak aurrera egin ahala, jakin bagenekien talderik indartsuena geurea zela”
Etapa amaiera “agresiboa”.
Helmuga zeharkatu berritan, gernika-lumotarra “pozarren” azaldu da hala bere taldekidearen garaipenagatik, nola taldeak erakutsitako jarreragatik: “Etapak aurrera egin ahala, jakin bagenekien talderik indartsuena geurea zela; ihesaldira jo dudanean, Buitragok, Jack Haigek eta Lenny Martinezek lan ona egin dute, neure aukeren babesean”. Etapa amaierako igoera “agresiboa” izan dela nabarmenduta, “arrakastatsutzat” jo du etapak emandakoa.
Valentzian sasoiari hanka onez ekin ostean, Itzulia Basque Country, etxeko lasterketa, izango da gernika-lumotarraren denboraldiaren lehen zatiko helburu nagusia; ondoren, Italiako Giroan ariko da, taldeko beste taldeburu Antonio Tiberi italiarragaz batera.