Kataluniako Parlamentuko ordezkaritzak Batzarretxea bisitatu du
Josep Rull i Andreu, Raquel Sans Guerra eta Rosa Maria Ibarra Ollék osatu zuten Gernika-Lumoko Batzarretxea atzo [otsailak 5] bisitatu zuten ordezkaritza politikoa. Gaur [otsailak 6] Imanol Pradales Gil lehendakariak Ajuria Enean hartuko ditu politikari kataluniarrak.

Kataluniako Partamentuaren ordezkaritzak, Josep Rull i Andreu lehendakaria buru, Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu zuen atzo [otsailak 5]. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Batzar Nagusietako Mahaiko beste zenbait partaiderekin batera, egin zion harrera ofiziala ordezkaritza kataluniarrari; beraiekin egon zen, gainera, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria Otermin. Rull i Andreuz gain, hain zuzen ere, Raquel Sans Guerra eta Rosa Maria Ibarra Ollé ere egon zien bisita agerraldian, hurrenez hurren, Parlamentuko Mahaiaren Lehen Presidenteordea eta Hirugarren Idazkaria.
Batzarretxeko areto eta txoko nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea eduki dute bisitariek. Gernikako Arbolaren aldamenean protokolozko agurra nahiz ohorezko aurreskua jaso ostean, besteak beste, Osokoen Aretoa, Beiratearen Aretoa, Liburutegia edota Lehendakriaren Bulegoa bisitatu dituzte. Kataluniako Parlamentuko presidenteak azken espazio horretan sinatu du Ohorezko Liburuan.

Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Batzarretxera egindako bisita ordezkaritza katalanak Bizkai, Araba eta Gipuzkoara egindako bisitaldi ofizialaren barruan kokaturik dago. Hain zuzen, gaur bertan [otsailak 6] biribilduko dute bisitaldi hori, Gasteizen: Imanol Pradales Gil lehendakariak Ajuria Enean hartuko ditu. Pradalesek iragan hilabetean egin zuen bisita ofiziala Kataluniara, azaldu zutenaren arabera, “Euskadiren eta Kataluniaren arteko hartu-emanak sendotzeko asmoz”.

Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Rull presidenteari buruz.
Rull 2024ko ekainaren 10az geroztik da Kataluniako Parlamentuaren lehendakari. Bere ibilbide nahiz bilakaera politikoa, ostera, luzeagoa da. 2012ko martxoaren 24tik Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdi politikoaren idazkari nagusia da. Kataluniako prozesu independentistaren alde egin zuen lana tarteko, espainiar botere politiko eta judizialak preso politiko sartu zuen, 2018. urtearen martxoan.