Herritar bat atxilotu dute, estortsioa egiteagatik
Beste herritar bati engainu eta mehatxu bidez diru kopuru handiak lapurtzearren atxilotu du Ertzaintzak herritar bat. Kasua epailearen esku dago orain.
Ertzaintzak aditzera eman duenaren arabera, gizonezko bat atxilotu dute Gernika-Lumon, herritar bati estortsioa egiteagatik. Poliziak martitzen arratsaldean izan zuen azken asteetan egiten ari zen estortsio ekintzen berri. Azaldu dute atxilotuak biktima bati, “engainuen bitartez”, beragaz ustezko zor bat zeukala sinetsarazi ziola eta, ondoren, heriotza mehatxupean, diru kopuru “handiak” ostu zizkiola.
Martitzen arratsaldean bertan, biktimak beste kopuru bat eman ziezaion gura zuen estortsiogileak, eta, udalerriko kutxazain automatiko baten inguruan, handik dirua atera zezan deitu zion. Egoera haren aurrean, poliziaren patruila bat bertaratu zen, eta hantxe aurkitu nahiz identifikatu zuten susmagarria. Jarraian, atxilotu egin zuten, eta ertzain etxera eroan. Azkenik, epailearen esku utzi zuten susmagarria.