Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, droga-trafikoagatik
Osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita, epailearen aurrera eraman dute gaur [otsailak 6] 47 urteko herritarra.

Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu du, Gernika-Lumon, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Jakinarazi dutenez, azken asteetan “gai estupefazienteen salmentari buruz” egiten zebiltzan ikerketa batek ahalbideratu zuen atzo goizean [otsailak 5] ustezko trafikatzailea atxilotzea. Izan ere, “zaintza-dispostibo bat” ezarri zuten bere inguruan eta, hala, “beraien susmoa egiaztatu” ahal izan zuten.
Atxilotu ostean, epailearen baimenarekin, Ertzaintzako agenteak droga-trafikoko delitu baten ustezko egilearen egoitzan sartu ziren, Txakurren Unitateagaz batera. Bi trasteleku eta etxe bat miatuta, zortzi kilo haxix, kokaina “kantitate handia”, doitasun-baskulak, hutsean ontziratzeko makinak konfiskatu zituztela adierazi dute, “trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste tresna batzuen artean”. Era berean, 28.000 euro inguru konfiskatu zituzten.
Polizia-etxean egin beharreko diligentziak egin ostean, atxilotua epailearen aurrera eraman dute gaur [otsailak 6].