Euskaraz, "lasaitasun osoz"
Hamazazpi pertsona bildu dira gaur (otsailak 6), Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako Mintzodromora. Lau mintzagai izan dituzte hizpide, euskaraz "lasai eta eroso" mintzatzea helburutzat zuen ekimenean.

Gernika-Lumoko Berbalagunen eskutik, Mintzodromoa hartu du gaur (otsailak 6) goizean, Astra Kultur Faktoriak. Ordu eta laurden inguruko iraupenaren barnean, euskaraz “lasaitasun osoz” hitz egiteko aukera izan dute bertaratutakoek. 17 izan dira, kasu honetan, gaur goizean Astrara hurbildutakoak, eta Berbalagunetik azaldu dutenez, hiru zentro desberdinetatik etorri dira: “Fouko Barnetegitik, Aita Villasante euskaltegitik eta Aek-tik etorritako erdi mailako ikasleekin osatu ditugu taldeak, A2 eta B2 arteko maila bitartean”.
Izan ere, 4-5 pertsonako taldeetan oinarrituz jorratu dute Mintzodromoa; lau mintzagai izan dituzte, eta 15-20ko tartea izan dute horietako bakoitzari buruz hitz egiteko. Bidaiak, ikus-entzunezko kontsumoa, asteburuetako ohiturak eta parranda izan dira, gehienbat, hizpide. Gernika-Lumoko Berbalagunek, oro har, ekimena ospatzearen helburuak argitu ditu: “Alde batetik, euskararen eguneroko erabilera sustatzea bilatzen dugu Mintzodromoarekin; bestetik, saretzea dugu helburu, hau da, parte hartzaileen arteko ezagutza nahiz zubi lana bultzatzea”.
Hori horrela, “pozik” agertu dira antolatzaileak goizarekiko, eta mintzataldeak “gustora eta eroso” aritu direla aurreratuz, balorazio positiboa egin dute. “Astrako espazio honek taldeak sakabanatzeko aukera ahalbidetu digu, gainera, bide batez zarata gutxiago sortuz, eta giroa hobetuz”, nabarmendu dute.
“Zergatik ez?”
Mario Galarreta logroñotarra da, baina 26 urtez Estatu Batuetan bizi izan da. Hiru urte daramatza euskara ikasten, eta bere buruan etengabeko galdera bat izan du beti euskara ikastearekiko: Zergatik ez?. “Oso hizkuntza polita iruditu izan zait beti, eta egun baten, gehiegi pentsatu gabe, horrekin hasteko aurrerapausoa ematea erabaki nuen. Oso pozik nago, eta horrelako ekintzak hizkuntzen irakaskuntzan oso baliagarriak dira. Beldurrik gabe hitz egiteko aukera eman digu Mintzodromoak, eta gainera, jende berria ere ezagutu dugu”, azaldu du.
Pantxike Casaubieilh, aldiz, iparraldekoa da; Donapaleukoa hain zuzen. Lau urte eta erdi daramatza euskara ikasten. Galarretaren antzera, Casaubieilh ere 40 urtez aritu da Euskal Herritik kanpo lanean, eta itzultzean argi izan du bere etorkizuna: euskara ikastea. “Txikitan, ikastolan ez genuen deus ere euskara erabiltzen, eta orain, urte asko kanpoan egon ondoren, argi nuen ikasi nahi nuela”, gaineratu du, eta nahiz eta Mintzodromoaren hasieran beldur pixka bat izan duen, “denbora igaro ahala, erosoago sentitu” dela aitortu du.