Serrats Aldapa Xtremek Euskadiko XCM Txapelketa hartuko du
Uztailaren 5ean egingo dute Serrats Aldapa Xtrem lasterketaren hirugarren ekitaldia. Aurtengo aldiak maratoi distantziako (XCM) Euskadiko Txapelketa hartuko du. Aurretiazko izen ematea gaur [otsailak 5] bertan zabaldu dute.
Hirugarren urtez, Bermeo mendi txirrindularien habitat bihurtuko da aurtengo udan ere. Serrats Aldapa Xtrem mendi bizikleta lasterketa egingo dute, datorren uztailaren 5ean. Antolakuntza lantaldeak aurreratu duenaren arabera, probaren hirugarren aldia goi-goitik ospatzeko prestakuntzetan ari dira, eta berritasunez jositako eguna prestatzen dabiltza. Horietako esanguratsuena da 75 kilometroko probak XCM edo maratoi distantziako Euskadiko Txapelketa hartuko duela.
Izen emateari dagokionez, gaur [otsailak 5] zabaldu dute, eta ekainaren 22ra arte egin ahalko da, Internet bidez. Bloke bitan banatuko dituzte izen ematearen prezioak: alde batetik, gaurtik apirilaren 15era arte, 35 euro ordaindu beharko dituzte federatuek, eta 40 euro federatu gabekoek; bestetik, apirilaren 16tik ekainaren 22ra arte edo izen ematea bete bitartean, 40 eta 45 eurokoak izango dira prezioak, hurrenez hurren. Halaber, Euskadiko XCM Txapelketa Bike Luzie modalitatean egingo baldin badute (75 kilometro eta 2.700 metroko desnibel metatua), Bike Laburre ibilbidea ere egin ahalko da; lasterketa horrek 35 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango ditu. Gaineratu dutenez, aukera luze hautatzen dutenek ez dute derrigorrez Euskadiko Txapelketa ere egin beharrik izango.
Izen ematearen prezioak bloke bitan banatu dituzte
Infernu berdea da antolatzaileek probari ipini dioten lelo ofiziala: “Euskal egutegiaren barruko ibilbiderik gogorrenetakoa du, eta ziklistek aldapa pikoei aurre egin bharko diete; hori bai, ibilbideetan bidezidor itzelak eta Kantauri Itsasoaren ikuspegi ahaztezinak ere topatuko dituzte”. Bestalde, antolakuntzak, “parte hartzaileei ahalik eta esperientziarik interesgarriena” eskaintzeko asmoz, ondorengo zerbitzuak ere kudeatuko ditu: txrrindularientzako gosaria, asistentzia mekanikorako hiru postu ibilbideetan, beste hiru anoa postu, amaierako bazkaria, kirol materialaren zozketak, parte hartzailearen poltsa eta Urdaibaiko Azoka.
Probaren egunaz gain, bezperan ere zabalik egongo da azoka, sarrera libreagaz
Urdaibaike Azokari buruz.
Azoka hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo gailurretako bat, antolatzaileen ustez. Helmugaren alboan jarriko duten azoka horren jomuga nagusiak txirrindularitza bizi estilo osasuntsurako bide legez sustatzea eta ziklisten arteko bateragunea eratzea izango dira. Horrez gain, denetariko marken, profesionalen eta zaleen arteko networking eremuan ere sortu gura dute azokagunean. Probaren egunean ez ezik, bezperan [uztailak 4] ere zabalik egongo da. Hilaren 4an, 17:00etatik 20:30era artean zabalduko dute azoka; biharamunean, ordea, 10:00etatik 18:00retara artean.
Parte hartzaileez gain, herritar guztiek bertara sarrera librea edukiko dute. Azokan beren postua ipini nahi dutenek ere ez dute ezer ordaindu beharko, baina aurreratu dute postuen kopurua mugatua izango dela eta, horrenbestez, eskaria aurretiaz egin beharko dela. Hain zuzen, antolakuntzak ondorengo posta elektronikoak eskuragarri jarri ditu: info@serratsaldapaxtrem.com, batetik, eta matxitxakotktbermeo@gmail.com, bestetik. Azokagaz erlazionatutakoak jorratzeko, berriz, urdaibaikeazoka@serratsaldapaxtrem.com-era idaztea gomendatu dute. Ez hori bakarrik: egitasmoaren nondik norako guztiak euren webgunean jarriko dituzte, baita beraien Instagram eta Facebook kontuetan ere.