Lagun izateari buruzko iragarki bat osatzeko erronka jarri du Euspotek
Martxan da Euspot euskarazko 'spot' lehiaketa. Gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea du asmo hamalaugarren aldiak, laguna izatea zer den galderari erantzun beharko baitiote aurtengo proposamenek. Maiatzaren 26ra arteko epea dago lanak aurkezteko.

Publizitatea, sormena eta euskara bezalako osagaiak batu eta horien artean euskarazko eduki digitala sortzea helburu duen Euspot euskarazko spot lehiaketa martxan da. Aurtengo helburua da gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea, bertan sortzen den publizitatearen oinarria euskara izan dadin.
Zer da laguna izatea? Galdera hori oinarrian izanda abiatu dute aurten lehiaketaren hamalaugarren aldia, eta hain zuzen ere, parte hartzaileek galdera horri erantzun beharko diote, euskarazko 30 segundoko iragarki bat sortuz. 2012an estreinatu zuten egitasmoa, euskal sormenari babesa eta indarra emateko, eta gazteek ikus-entzunezkoekin duten lotura ikusita, lehiaketaren egileek horiengana gerturatzeko ahalegina egin dute. Dena dela, Euspot ez da espresuki gazteentzako lehiaketa bat, adin eta ezaugarri orotariko jendeak parte har dezake-eta. “Nerabezaro bete-betetan aurkitzen da lehiaketa, eta adin tarte horrek oso bereak dituen ezaugarrietatik abiatuta, aurtengo edizioak adiskidetasun harremanak izango ditu inspirazio iturri”, azaldu dute arduradunek.
Hala, iragarkian gazteen arteko harreman “osasuntsuak” sustatu beharko dituzte parte hartzaileek. Irudimena eta sormena lantzea eskatzen zaie parte hartzaileei, 30 segundotan ahalik eta bideorik emankorrena sortzeko: “Adiskidetasuna balioan jarriko duten spot sortzaile eta originalak bilatzen ditugu”. Eta, horiek prestatzeko maiatzaren 26ra arteko epea izango dute sortzaileek, ordura arte aurkez daitezkeelako proposamenak, webgunean. Formatuari dagokionez, formatu librean grabatu ahal izango dituzte aurten: horizontalean zein bertikalean.
Egileek garrantzia izugarria eman diote harreman osasuntsuen gaiari: “Harreman osasuntsuak funtsezkoak dira garapen integral, sozial eta emozionalerako, eta beharrezkoak dira nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Harreman osasuntsu horiek eraikitzeko orduan lagunek garrantzia handia dute. Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua”.
Izan ere, gaur egun harreman osasuntsuena pil-pilean dagoen gaia da, agenda politikoan sartuta dagoena: “Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide”.
Gaur gaurkoz, ez dago euskarazko publizitateari buruzko ikerketa edota azterketarik, lehiaketaren egileen arabera. “Ez dago berme handiako iturririk kontsultatzeko zein izan den azken urteotako euskarazko publizitarearen bilakaera. Ez dago analitikarik jakiteko guar publizitate agentziek edota marketin eta komunikazioko profesionalek zenbat ikus-entzunezko spot eta iragarki sortzen dituzten euskaraz”. Susmoa, dute, baina, euskaraz sortu baino, jatorriz gaztelaniaz sortzen diren publizitate piezak euskarara itzultzen direla, eta itzulpen hutsak direla. Hala, uste dute publizitateak inspiratu egin behar duela, eragin egin behar duela, era pertsonalean eta kolektiboan. “Publizitateak jarrerak eta jokabideak aldatu behar ditu, eta hori guztia komunitatearen hizkuntzan. Hortaz, ezinbestekoa da euskal publizistek, agentziek eta arloko agenteek euskaraz sormena garatzeko gai izango diren profesionalak sustatzea, talentuan eragitea eta euskarazko sormena bultzatzea”.
Sariak.
Sei sari emango dituzte guztira: lau sari nagusi eta bi gehiagarri. Iragarkirik onenaren saria 1.000 eurokoa da, publikoaren saria 500 eurokoa, gazteen saria —hemeretzi urtetik beherakoena— ere 500 eurokoa da, eta musika sinkronizazio onenaren saria, aldiz, 300 euroekoa. Gehigarrietan, Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onenak 500 euro jasoko ditu, eta Arizmendiko ikasleen iragarkirik onenak, aldiz, 250 euro.
Errotutako lehiaketa da Euspot, orain arteko edizioetan 900 spot inguru jaso baititu. “Ez dago zalantzari gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela eta horren ondorioz, ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean”.
Hala, nabarmentzekoa da webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela.