Aritz Arrutik irabazi du urtarrileko Ezetz Jakin saria
Ezetz Jakin lehiaketako urtarrileko saria Aritz Arrutik lortu duen heinean, parte hartzaileen saria Ibon Sarriugarterentzat izan da. Otsaileko lehiaketan parte hartzeko epea dagoeneko zabalik dagoela aurreratu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek.

Aritz Arruti izan da 2024/25 ikasturteko Ezetz Jakin lehiaketaren hirugarren sariaren irabazlea, eta Berbalagunetik azaldu dutenez, Ai Ene Jatetxearen eskutik jaso du irabazleak urtarrileko saria; bi lagunentzat otordu bat Ai Enen. Beste alde batetik, parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Ibon Sarriugartek jaso du; 20 euroko bonoa izango du herriko establezimenduetan gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira beste behin Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideak urtarrileko lehiaketan izandako parte hartzearekin. Izan ere, antolatzaileek jakitera eman dutenez, “70 erantzun baino gehiago” jaso izan dituzte azken hilabetean, eta hori, euskararentzat oso positiboa da: “Zifra ona dela uste dugu, eta online bidezko erantzunak ere igotzen doaz hilabeterik hilabete”. Kalean euskara sustatzea du helburu lehiaketak, ikasturte berriaren aurkezpenean adierazi zuten bezala, eta orain arte, “goranzko joera” mantzen da foru herrian.
Horrela jarraitzea espero dute Gernika-Lumoko Berbalagunek, “euskararen mesederako”. Hori aintzat hartuz, otsaileko lehiaketa ere dagoeneko martxan dagoela gogoratu dute: “Otsailaren 27ra arte egongo da otsaileko lehiaketan parte hartzeko epea zabalik”. Gaiekiko, “betiko gaiak” jorratuko direla nabarmendu dute, “aratusteeri keinu berezia” eginez. Hain zuzen ere, hamabost galdera zuzen erantzun beharko dira Ezetz Jakin lehiaketako 2024/25 ikasturteko laugarren saria lortzeko. Aurreratu dutenez, otsaileko irabazleak Karnalito Jatetxe mexikarrean bi lagunentzako otordu bat lortuko du, eta beraz, herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideek.