Mintzodromoa antolatu du Gernika-Lumoko Berbalagunek
Eguenerako [otsailak 6] atondu dute Mintzodromoa Gernika-Lumoko Berbalagunek, 10:00etan, Astra kultur faktorian.
Gernika-Lumoko Berbalagunek hitzordu berezi askoa prestatu dute datorren eguenerako [otsailak 6]: Mintzodromoa. Euskaraz “denetariko gaiei buruz eta lasaitasun osoz” berba egitea du jomuga egitasmo horrek. Astra kultur faktorian ipini dute zita, 10:00etan hasita eta ordubete inguruko iraupenagaz. Mintzodromoak jomuga nagusi bi edukiko dituela aurreratu dute antolakuntza lantaldetik: “Alde batetik, euskararen eguneroko erabilera sustatzea bilatuko dugu; bestetik, saretzea edukiko dugu helburu, hau da, parte hartzaileen arteko ezagutza nahiz zubi lana bultzatzea”.
Ekimena doakoa izango den arren, antolatzaileek iragarri dute aurretiaz izena eman beharko dela. Horretarako bidea zein den ere argitu dute; WhatsApp bidez mezu bat idatzi beharko da, 600 48 20 10 telefono zenbakira. Kopuruari dagokionez, hogei parte hartzaileen langa iragatea espero dutela aditzera eman dute: “Ez dugu kopuru jakin batean zentratu gura, baina esango genuke zifra horren bueltan ariko garela. Izan ere, Foruko Barnetegiko edota herriko euskaltegietako ikasleez gain, zenbait berbalagun ere bertaratuko dira”. Era berean, herritarrei, beraien profila edonolakoa izanik ere, animatzeko eta parte hartzeko deialdia luzatu diete.
Otsaileko ekitaldiaren atarian, bestalde, aurreratu dute maiatzean ekimena errepikatzeko prest daudela. Edozelan ere, bigarren aldi horri buruz ez dute oraindik ezer zehaztu.