Minbiziari buruzko ezagutza zabalduz
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta horri buruzko datuak emateko lehen espazio irekia aurkeztu dute. Horrez gain, gaitzari buruzko informazioa zabaltzen ari dira zenbait herritan, tartean Bermeon.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa (otsailak 4), eta minbiziari buruzko datuak biltzen dituen lehen espazio irekia aurkeztu dute. “Minbiziari buruzko ezagutza jasotzen duen eredu honek gure inguruan minbizia jorratzeko orduan ekitatea sustatzea du xede, eta, horretarako, gaixotasun horri buruz dagoen informazioaren sarbidea, homogeneotasuna eta kalitatea hobetu nahi ditu”.
Horrez gain, minbiziari buruzko informazioa zabaltzen ari dira Busturialdeko hainbat herritan, tartean Gernika-Lumon eta Bermeon. Kostako herri horretan gaitzari buruzko informazioa emateko mahaia jarri dute Goiko Plazan Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteko boluntarioek.
Diotenez, minbiziaren kudeaketa eraldatzeko “funtsezko tresna” da sortu berri duten espazio hori, 24 erakunde zientifikok eta paziente elkarteek osatutakoa. Izan ere, minbiziaren gaineko ezagutza jasotzen duen eredu integratua sortzeko asmoz, 69 adierazle biltzen ditu, minbizia duten pertsonen ibilbideko sei dimentsio nagusitan antolatuta: lehen mailako prebentzioa, bigarren mailako prebentzioa, detekzio goiztiarra, diagnostikoa, osasun arreta, jarraipena eta bizi-amaiera.
“Tresna dinamiko honek aukera ematen du minbiziaren adierazleek denboran duten egoera aztertu eta eraldatzeko. Hartara, modu koordinatuan egin ahal izango da lan administrazio publikoekin, osasun sisteman identifikatutako hobekuntza arlo nagusietan eta minbiziari buruzko informazioaren hutsune eta gabezietan”, azaldu dute sustatzaileek.
Gizartearentzat baliagarria izatea gura dute, datuak eskuratu eta integratzeko aukera bermatzen duelako, eta, ondorioz, minbiziaren ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen duelako: “Pauso hori funtsezkoa da gaixotasunari modu eraginkorragoan aurre egiteko. Hori dela eta, pazienteen bizi kalitatea hobetu egingo da, minbiziaren kudeaketan ekitate handiagoa lortuko baita, eta biziraupen tasak handitu egingo dira”.
Datuak.
Minbiziari buruzko ezagutza zabaltzea “ezinbestekoa” da, ze, aurreikuspenen arabera bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek mibizi motaren bat garatuko dute. Izan ere, Bizkaian, iaz, 7.700 minbizi kasu berri baino gehiago diagnostikatu zituzten, eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen Minbiziaren Aurkako Behatokiaren arabera kopuru horrek “gora egingo du” datozen urteetan.
Hala, otsailean hainbat ekintza egingo dituzte, kolektibo desberdinak gaixotasun honen aurkako borrokara batzeko, batasuna eta itxaropena islatuko dituen ikur baten bidez: besoko berdea. Hala, hainbat kirol taldek besoko berdea jantzita lehiatuko dituzte norgehiagokak, eta minbiziaren aurkako informazioa ere zabaltzen ariko dira han eta hemen.