Lanbide Ekimenak enpresa lehiakorrentzako adimen artifiziala sustatuko du
Adimen artifiziala oinarritzat izango duen eraldaketa digitalari buruzko jardunaldia antolatu du Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenen Zentroak, otsailaren 19an (eguaztena).
Automatizazioak eta digitalizazioak gero eta gehiago markatzen duten enpresa testuinguru honetan, Lanbide Ekimenak, SPRIrekin elkarlanean, funtsezko galdera bat fokuan jartzeko ekimena hartu du: Nola aplikatu adimen artifiziala (AA) modu eraginkorrean, denbora aurreztu eta zeregin errepikakorrak ezabatuko dituen tresna bihurtzeko?. Horretarako, datorren otsailaren 19an (eguaztena), Gernika-Lumoko Alhóndiga Kalea 6ko Lanbide Ekimenak Zentroan, enpresek eta profesionalek erantzun zehatzak aztertzeko aukera izango dute, adimen artifizialari buruzko aukeren eta baliabideen sarean itsasargi izango direla agintzen duen informazio-saio batean. “Enpresei lagundu nahi diegu eredu lehiakorrago baterako trantsizioan, erakutsiz AA ez dela luxu teknologiko bat, baizik eta behar irisgarri eta eraldatzaile bat”, nabarmendu du Jon Lejarragak, Lanbide Ekimenak erakundeko lehendakariak.
Saioak, informazio teorikoa ez ezik, praktikoa ere eskainiko duela aurreratu du Gernika-Lumoko Udalak: kasu erreal arrakastatsuak eta SPRIren Konpetentzia Digital Profesionalak programan parte hartu zuen enpresari baten testigantzak aurkeztuko dira. Esperientzia horien bitartez, parte-hartzaileek AAk, prozesuak optimizatzeaz gain, lan estrategikoagoetarako baliabideak askatzen dituela ulertzeko aukera izango dute, hala nola, bezeroarentzako arretarako edo zerbitzu berriak garatzekoa ere.
Eraldaketa digitalaren erronka handienetako bat pertsonak gaitzea da oraindik ere, eta horrela adierazi du foru herriko udalak. Lanbide Ekimenak erakundearen saioak, halaber, “langileak iraultza horren parte aktibo izateko nola prestatu aztertuko du, produktibitatea areagotuz, lanaren gizatasuna alde batera utzi gabe”. Aurkeztutako tresna eta programen artean, SPRIren doako zerbitzuak nabarmenduko dira, enpresei beraien instalazioetan zuzenean aholkatzeko teknikari espezializatuak barne.
Sarrera doakoa dela gaineratu duten arren, plaza mugatuak izango ditu informazio-saioak. Izen-emateak zabalik daude dagoeneko, “enpresen lehiakortasunean jauzi kualitatibo bat eman nahi dutenentzat eta adimen artifiziala oraina eraldatu eta etorkizuna eraikitzen duen aliatu estrategiko hori nola izan daitekeen deskubritu nahi dutenentzat”. Saio horren bidez, Lanbide Ekimenak erakundeak enpresa-ehunarekiko duen konpromisoa berresten duela nabarmendu du udal gobernuak, “teknologia eta giza talentua harmonia ezin hobean elkarrekin biziko diren etorkizun baterantz zubiak eraikiz”.