Espainiako taekwondista gazteen artean, lehen mailan
Espainiako GUPS Txapelketan lehiatu zuten joan den zapatuan TAE Gernikako 13 eta 19 urte bitarteko zazpi kirolarik, palmares aipagarria lortuz. Borroka modalitatean, klubeko bost kirolari txapeldun izendatu ziren, nor bere kategorian.

Gerriko zuritik gorri edo beltzera bitarteko taekwondista gazteek Espainiako GUPS Txapelketa lehiatu zuten joan den zapatuan (otsailak 1) Alacanten, C.Cano pabilioian, zazpi tatamiren gainean. Eta bertan izan ziren TAE Gernikako 13 eta 19 urte bitarteko zazpi kirolari, Espainia mailako 30 klubetako beste 300 taekwondistagaz batera.
Txapelketa “erronka handia” izan zen TAE Gernikako lehiakide gazteentzako, klubeko ordezkariek azaldu bezala, baina handik ekarritako palmaresa ere aipagarria da: alde batetik, borroka modalitatean, klubeko bost kirolari txapeldun izendatu ziren, kategoria ezberdinetan, 12-14 urte bitartekoetan, 15-17koetan eta senior mailan; bestalde, formen modalitatean, bi izan ziren txapeldunak, beste bi txapeldunordeak eta lauk brontzezko postua eskuratu zuten. Aurrez ezarritako borrokaren modalitatean, bestalde, beste bi brontze lortu zituzten, “lorpen ederrak” izan zirenak.
Horiek kontutan hartuta, taldeko lehiakide batek lortutakoa nabarmendu dute: Espainiako txapeldun izendatu zen borroka modalitatean, eta txapeldunorde, formen modalitatean: “Ez da makala”.
“Lehiakide batzuk lau errondatan parte hartu dute, horrek dakarren esfortzu nabarmenagaz”, azaldu du Daniel Urbez entrenatzaileak. Hala, elkarren arteko laguntza eta taldearen indarra azpimarratu ditu: “Balio handikoak izan dira lehiaketan. Pozarren bueltatu gara lortutako dominekin”:
TAE Gernikakoek nabarmendu dute “hazten” doan eskola dela eurena; izan ere, duela 4 urte sortu zuten, eta ordutik gaur egunera arteko ibilbidean lehiaketa askotan parte hartu dute eskolako taekwondistek, gero eta kirolari gehiago gerturatuz taekwondora: “Orain, hurrengo lehiaketarako prestatzen ari gara, martxoaren 8an eta 9an ospatuko den Warrior Open London 2025 lehiaketan klubeko 13 taekwondistek parte hartuko baitute”.