Bigarren txapelen erreklamazioa
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2 eta 0 irabazi diote Ludovic Ladutxeri eta Mikel Mantzisidorri, Eusko Label Winter Seriesen finalaurrekoen ligaxkaren azken-aurreko jardunaldian. Ispastertarrak eta markina-xemeindarrak txapelak bigarrenez janzteko beren hautagaitza sendoki plazaratu dute.

Ezustekoak garesti daude katedralean. Ludovic Ladutxek eta Mikel Mantzisidorrek egiteko handia zuten aurrez aurre atzo [otsailak 3], Eusko Label Winter Seriesko finalaren lagin partikularrean. Iazko garaile eta aurten gailentzeko hautagai nagusi Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea zituzten arerio, hilaren 16ko final handiaren atarian. Gazteen jomuga argi askoa zen, finalaurrekoen ligaxkaren azken-aurreko jardunaldiari begira: set bat irabaziz sorpresa ematea, bigarrenean ahal modura eutsiz hirugarren seta behartzea, eta, azkenik, berdinketa haustean kale ala bale egitea. Pentsatu ez ezik, plan hark ia-ia fruitua eman zien getariarrari eta mutrikuarrari.
Lehen seta konfiantzaz eta indartsu abiatu zuten: 2 eta 8 aurreratu ziren lehenik, 5 eta 11 ondoren. Markagailuan sei tantoko arrakala zabaldu zuten, baina ez zen inondik inora nahikoa izan. Bikote larrosak aurtengo aldian erakutsitako boterea beste behin bistaratu zuen, eta egoera errotik iraultzea lortu zuten bizkaitarrek. Ibarluzeari pilotalekuan kokatzea kostatu zitzaion, eta hark eragina eduki zuen markagailuan. 11ko kartoira arte, Ladutxek eta Mantzisidorrek lehen seta irabazteko aukerak esku-eskura eduki zituzten. Larrosek beren indarra kantxaratu arte.
Begiak kliskatzearekin, Erkiagak eta Ibarluzeak aurre hartu zuten norgehiagokan. Hamabina zihoazenean, Ladutxek partiduari zartada emateko aukera eduki zuen, baina bere dejada txapa azpira joan zen. 14 eta 13koan errebotez horma bikoa egin zuen getariarrak, baina ez zen nahikoa izan Erkiagaren kontra. Ispastertarra arduratu zen lehen setean bere jokoa ezartzeaz eta 15 eta 13koarekin garaipena ziurtatzeaz.

Gaueko izar distiratsuena: Aritz Erkiaga ispastertarra.Eraman Jai Alai.
Bikote urdinari larrosen biziberritzeak min handia egin zion lehen setaren hondarrean. Kalte hark, hain zuzen, isla argi eta garbia eduki zuen bigarrena hasi bezain pronto. Izan ere, Ladutxe eta Mantzisidor koxka bat beherako aritu ziren kantxan, batik bat, Erkiagaren maila tarteko. Ispastertarrak ez zuen aurkaririk topatu pilotalekuan. Markagailua 11 eta 2 aurka zutela, urdinek bere aukera murritzei eusteko azkenengo saiakera egin zuten; lau tanto lortu zituzten, baina ez ziren nahikoa izan. Erkiagak eta Ibarluzeak erosotasunez patrikaratu zuten bigarren seta, 15 eta 6ko markagailuarekin, lehenengo setean baino estutasun gutxiago pairatuta.
Aritz Erkiaga: “Ikusi dugu finalari begira zer egin behar dugun eta zer ez dugun egin behar”
Aurreikuspenak printzipioz aurka izanik ere, nabarmendu behar da Ladutxek eta Mantzisidorrek ez zutela etsi une batean ere ez, eta urdinek faboritoei aurre egiteko saiakera egin zutela uneoro. Hain zuzen ere, duela urtebete baino gutxiago, Bilboko Deportivon garaipen handia lortu zuten Erkiagaren eta Ibarluzearen kontra, Iron Cup lehiaketan. Jai Alai, baina, bestelakoa da. Beraz, ikusi beharko da asteleheneko porrotak alde mentaletik eragina edukiko duen getariarrarengan eta mutrikuarrarengan.
Ion Ibarluzea: “Lehen tantoetan, errebes aldetik, ez naiz batere gustura sentitu; beraz, hori hobetzeko lan egin beharko dut”
Katxatik atera berritan, Erkiaga garaipenaren garrantziaz mintzatu zen: “Ikusi dugu finalari begira zer egin behar dugun eta zer ez dugun egin behar”. Ibarluzeak, aldiz, hasieran “kontzentraizo faltarekin” kantxaratu zela adierazi zuen: “Gerora, buelta eman diogu eta, azkenean, sentsazio positiboekin amaitu dugu partidua”. Ispastertarrak 17 tanto biribildu zituen, eta azaldu material hautaketa “giltzarri” izan zela. Atzelariak, ostera, finalari begira bere errebeskada hobetu beharko duela aurreratu zuen: “Lehen tantoetan, alde horretatik, ez naiz batere gustura sentitu; beraz, hori hobetzeko lan egin beharko dut”.

Huarrak, Jai Alai frontoian.Eraman Jai Alai.
Hurrengo astelehenean [otsailak 10], txapelketako finalerdietako ligaxka fasea lehiatu duten beste bikote bien txanda izango da. Thomas Urrutia donibanegaraztarrak eta Thibault Basque bidartarrak Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra edukiko dituzte aurrez aurre. Arinago, orain arte bezalaxe, zesta-punta eskoletako umeen txanda izango da. Hain zuzen, atzokoan Lekeitioko eskolaren harrobiko kideen txanda izan zen.