Palestinaren aldeko aldarriz bete dute Bermeo
Palestinako gatazka "ez dela bi nazioren arteko" gatazka adierazi zuten zapatuan Bermeon, Israelgo estatu sionistak aurrera daroan "etengabeko kolonizazio, okupazio eta apartheid egoera bat" dela azpimarratuta.

Palestinaren aldeko jarrerak aldarrikapenez bete zuen Bermeoko Goiko plaza zapatuan (otsailak 1) goiz-eguerdian, eta palestinarrei babesa adierazteko ekimenak kaleak hartu zituen arratsaldean, horretarako egin zuten mobilizazioan. “Gure elkartasuna eta babesa bidali nahi diogu hemendik Palestinako herriari, eta batez ere palestinar erresistentziari. Gatazkaren konponbide bakarra den Israelgo estatuaren desagerpena aldarrikatzen dugu: Israel desegin, Palestina askatu”.
Palestinako gatazka “ez dela bi nazioren arteko” gatazka adierazi zuten, Israelgo estatu sionistak aurrera daroan “etengabeko kolonizazio, okupazio eta apartheid egoera bat” dela azpimarratuta: “Israel garbiketa etnikoaren eta Palestinako herriaren kanporaketaren baitan sorturiko estatua da, eta 1948tik bere helburua Palestina desagertaraztea izan da”. Izan ere, gogoratu zuten milaka pertsona “desplazatuarazi, horien lurrak okupatu eta asentamendu ilegalak sortu” dituela Isralek, “garbiketa etnikoa” gauzatuz. Hala, proiektu israeldarrak ez duela bizikidetza bilatzen esan zuten zapatuan, kolonizatzea duela helburu argudiatuta, eta mendebaldeko potentzien “erabateko laguntzari” esker mantentzen dela esanda: “Ekialde Hurbilean euren eragina mantentzeko Israelen gotorleku estrategiko bat ikusten duten mendebaldeko potentzin erabateko laguntasunari esker mantentzen da”.
Israelen komunikabide eta gobernu “konplizeek” sinestarazi gura duten ez bezala, palestinarren erresistentzia “ez dela terrorismoa” esan zuten, “zapaluntzaren aurkako borroka zilegia” dela adierazita: “Jaurtitako harri bakoitzak islatzen du herri batek bere lurra, duintasuna eta existentzia defendatzeko duen eskubidea, mapatik ezabatu nahi dituen sistema baten aurrean. Isralek, apartheid politikekin, bonbardaketekin eta Gazaren aurkako blokeoarekin behin eta berriz erakutsi du ez duela palestinarren bizitza errespetatzeko asmorik, eta are gutxiago haien eskubideak”.
Salatu zuten, gainera, mendebaldeko estatuak —Estatu Batuak eta Europar Batasuna buru dituen NATOrekin— “genozidio horren parte integrala” direla, “Israelgo armada finantzatzen dutelako, armak emanez eta sarraski bakoitza segurtasunaren izenean justifikatuz”. Halaber, bake akordioak eta su etenak keinu “hutsak” baino ez direla uste dute, Israelek estatu demokratiko modura duen “irudia indartzeko” diseinatutakoak: “Biztanleria okupatuaren gainean duen boterea sendotzeko baino ez dute balio”.
Hala, blokeoa, erailketak eta atxiloketa arbitrarioak mantentzen diren bitartean, bakeaz hitz egitea “iraingarria bezain hipokrita” dela argudiatu zuten: “Ez dago bi estaturen existentzian oinarritutako gatazkaren konponbiderik, estatu sionistaren existentzia Palestina kolonizatzean eta ezabatzean oinarritzen delako. Baldintza hauetan estatu palestinar aske bati buruz berba egiteak ez dauka zentzurik, Israelek inoiz ez baitu onartuko lurren lagapena ezta palestinarren oinarrizko eskubideak aitortzea ere”.
Ondorioz, irtenbidea sistema koloniala desegitea dela diote, ibaitik itsasorainoko Palestina deskolonizatu bat lortu arte, errefuxiatu eta preso politiko guztien bueltagaz batera.
Gainera, “funtsezkoa” dela Israelekin harreman komertzial, diplomatiko eta militar guztiak eteta uste dute, izan ere, estatu horrekiko edozein harreman “konplizitate zuzentzat” ulertzen dute Israelek egunero egiten dituen gizateriaren aurkako krimenetan: “Horren adibide dugu Pedro Sanchezen PSOE buru den Espainiako Gobernua, zeinak Palestinako estatua aitortzen duen bitartean Israelekin dituen harreman diplomatikoak mantentzen dituen, edozein motatako zigor eta enbargu ezartzeari uko egiten dion bitartean”.

























