Mediku kontsultategiaren lehen eta bigarren solairuak konponduko ditu udalak
Goiko kaleko mediku kontsultategiaren lehen eta bigarren solairuak konponduko ditu Mundakako Udalak. 240.000 euroko kostua eta bederatzi hilabeteko iraupena aurreikusten dituzte.

Beheko solairua konpondu ondoren, Mundakako Udalak aditzera eman du Goiko kaleko mediku kontsultategiko obrekin aurrera jarraituko dutela. Oraingoan, lehen eta bigarren solairuak atontzeari ekingo diote, teilatupea konpontzeaz gain. Udal ordezkariek azaldu dutenez, mendiku kontsultategiko berritze lanen bigarren fase horren kostua 240.000 euro ingurukoa izango da. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak laguntza emango diela iragarri dute.
Aipatutako lan horiek orain arteko egindakoen jarraipena izango dira. Beheko solairuan pazienteak artatzeko eremua atondu baldin bazuten, lehenengoan kontsultategia bera kokatuko dela azaldu dute: “Horrekin batera, erizaintza gela, atondoa eta egokituriko komun bi”. Bigarren solairuari dagokionez, beste komuni egokitu bi edukiko ditu, baita erabilera anitzeko hiru gela ere. Gela horien egitekoa “herritarren beharrak eta Osakidetzaren beharrizan programa uztartuz” zehaztuko dute. Hala lehen solairuak, nola bigarrenak 79 metro koadro inguru izango ditu. Igogailua ere ipiniko dutela aurreratu dute, herritarren irisgarritasuna bermatze aldera.
Obren bigarren zatiaren hasierarako datarik ezarri ez duten arren, udaletik adierazi dute bederatzi hilabete inguruko iraupena edukiko dutela. Lanak amaitu bitartean, orain arte legez, Isla Kale kiroldegiak hartuko ditu mediku zerbitzu eta arreta.