Lolita Chavezen hitzak entzun dituzte Astran
Abya Yalako jatorrizko herrien eskubideen defendatzaile den Lolita Chavezen hitzak entzuteko aukera izan zen barikuan, Astran; Guggenheim Ez dinamikak antolatu zuen hitzaldia.

Iragan barikuan (urtarrilak 31), Astran, Guggenheim Ez dinamikak hitzaldi bat jorratu zuen; Lolita Chavez, Abya Yalako jatorrizko herrien eskubideen defendatzailea izan zen Gernika-Lumon. Guggenheim Ez dinamikako kideen hitzetan, oso interesgarria izan zen hitzaldia, oro har: “Bere testigantzak inperialismoari aurre egiten dioten komunitateen errealitatera eta beren lurraldeak eta bizimoduak mehatxatzen dituzten erauzketa-enpresetara hurbildu gintuen”. Gauzak horrela, gainera, hitzaldian goraipatutako komunitate horiek, “esplotatzen eta suntsitzen duen eredu kapitalista onartu beharrean”, justiziaren, autonomiaren eta elkartasunaren aldeko borrokari “tinko eusten” diotela gaineratu dute.
Erresistentzia kolektiboaren eta herrien arteko batasunaren garrantzia gogorarazi zuen, iragan barikuan, Chavezek, Astran, eta antolatzaileek nabarmendu dute, bere borroka ez dela soilik tokikoa, baizik eta “mugak gainditzen” dituela. Hala, inperialismoaren eta zapalkuntzaren aurkako beste erresistentzia globalekin konektatzea lortzen duela ere badakite.

Lolita Chavez, Astran emandako hitzaldian.Guggenheim Ez
Hain zuzen ere, argi utzi dute Gernika-Lumon bat egiten dutela energia internazionalistarekin, eta bide batez, haien borrokak, askotarikoak izan arren, “helburu berean lotuta” daudela onartu dute: “Ama Lurrarekiko mundu justuagoa lortzea dugu jomuga; gizakiak eta naturaren explotazioan oinarritzen ez den munduaren aldeko borrokan aurrera jarraitzea”.
Beraien esker ona adierazi nahi izan diote Chavezi, Guggenheim Ez dinamikatik, beregain: “Eskerrik asko, Lolita, inspiratzeagatik eta elkartasuna eta erresistentzia errealitateak eraldatzeko tresna garrantzitsuak direla gogorarazteagatik”.

Argazkia: Guggenheim Ez.