Hurbiltasunaren eta tokikoaren altxorra
Muxikako Urretxindorra Herri Eskolak ikaslearen zaintza, ikaskuntza prozesua eta garapen pertsonala modu gertuko, indibidualizatu eta dinamikoan lantzen ditu. Ingurumen jasangarritasuna, kultura, euskara, teknologia eta elkarbizitza dira ikastetxearen ardatzak. Hurrengo ikasturterako matrikulazio tartea zabalik dago, otsailaren 14ra arte.

Txikiak ere badu handitik. Batzuetan, erraldoitik. Muxikako Urretxindorra Herri Eskolak ikaslea, bere ongizatea eta eskola komunitatearen garapena erdigunean ipintzen ditu, hurbiltasunean, epeltasunean eta elkarlanean oinarritutako ikuspuntuagaz.
Muxikako udalerria osatzen duten herri denetako ikasleak hartzen dituzte, baita Gernika-Lumo, Forua, Errigoiti edota Morgakoak ere. Horietako askok zentroak eskaintzen dituen autobus zein taxi zerbitzuak baliatzen dituzte. Haurreskolatik hasita eta seigarren mailara arte, haurrei lagun egiten die ikastetxeak, beraien garapena eta hazkunde pertsolana hauspotuz.
Hezkuntza komunitatea eskolako eguneroko bizitzaren partaide zuzena da. Parte hartze hori hainbat eta denetariko jardueren bitartez lortzen dute, modu natural eta ederrean. Komunikazio plan sendoa eta eraginkorra dute. Horri esker, familiek zuzeneko eta oinarrizko informazioa dute zentroagaz, “eskola bizitzaren kide bihurtuz»: «Familiak eskolan ikusten ez dituzten momentuen partaide izatea bilatzen dugu”. Herri Hezitzailea proiektuagaz ere bat egiten dute: “Hezkuntza komunitatea ikaskuntza prozesuaren protagonista izatea du jomuga nagusi; bere oinarrian dago familiak edota herritarrak zentrora bertaratzea, ikasleei beren jakintzak irakastera”.
Proiektu horregaz, batetik, euskara bultzatzen dute: “Eskolara etor daiteke alfabetatutako guraso gazte bat, baina baita alfabetatu gabe dagoen eta euskara betidanik baliatu izan duen adineko herritar bat ere; Muxika herri euskalduna eta anitza izanik, euskara zein arlo desberdinetan egin daitekeen ikusarazten diegu, hau da, erregistro oparotasunaren altxorra bistaratzen diegu”.
Bestetik, komunitatearen trinkotzea ere indartzen dute: “Herriko bizilagunak eskolan ezagutzen dituzte, eta horrek eskolaz kanpo eragin positiboa du. Ikasleek, hala, udalerria beste betaurreko batzuekin ezagutu dezakete: Muxika, hainbat herri eta auzoz osatuta egonik, udalerri oso zabala da lurraldez; sarritan, Kurtzeron bizi den ume batek ez du Urrutxu, Ibarruri, Gorozika edota Ariatzako errealitatea zuzenean ezagutzen. Urretxindorra hori konpontzera eta buelta ematera zeharo emana dago, esate baterako, auzoetara irteerak eginez”.
Guraso Elkarteari buruz.
Urretxindorrako Guraso Elkartea da, zerbait izatekotan, zentroaren gailur esanguratsuenetako bat. Guraso Elkarte sendo eta dinamikoa dute: “Gurasoak proiektuaren zuzeneko partaide sentitzen dira, horrek sortzen duen komunitate sentsazioagaz”. Hain zuzen, familiak, irakasleekin eta ikasleekin batera, erronka berri batean buru-belarri murgilduta daude: heziketa digitalaren inguruko formakuntza. “Komunitate guztia kontzientziatuta dago, teknologia berrien erabilera kaskarra konpontzeko asmoz. Horretarako, uste dugu auzolana garrantzitsua dela: familiek eta irakasleek elkarlanean aritu behar dute”.
Irakurketa bultzatzea da Urretxindorraren beste zutabeetako bat. Martxan daukaten irakurketa planagaz, egunero eskaintzen diote tartea irakurketari, horrek “alderdi guztietan eragina” baitu. Irakurketa planaren helburua irakurzaletasuna sustatzea da: “Ikasleek plazerretik irakurtzeko lan egiten dugu”. Hori lortzeko eta herriagaz lotura are estuagoa bilatuz, herriko liburuzainagaz lan egiten dute: “Hilero etortzen da eskolara, olerkiak irakurtzera eta bestelako jarduerak egitera; elkarlana oso estua da”.
Ez hori bakarrik: eskolan egiten duten lanak isla argi eta garbia du eskolaz kanpo. Izan ere, ikasleei liburutegira joateko zaletasuna pizten zaie, eta beraientzat espazio seguru eta atsegina bihurtzen da. Hori guztiori euskara eguneroko-eguneroko iparrorratz izanik egiten dute: “Urretxindorra gune euskalduna da, hizkuntza naturala euskara da, eta ikasleek halaxe sentitzen dute”. Irakurketa planak ageriko eragina du ikasleek lortu ohi duten adierazkortasunean eta kulturzaletasunean.
Gainera, badira urte luzez beren eraginkortasuna sobera frogatu eta “eskolaren esentzia” gordetzen duten beste zenbait egitasmo ere. Horietako bat hegazti proiektua da, Gautegiz Arteagako Montorre Herri Ikastetxeagaz eta Urdaibai Bird Centerregaz koordinatuta jorratzen dutena. Tokiko hegaztiak ezagutzea dute helburu, ikastetxea eremu natural paregabean kokatuta dagoela baliatuz. Hegaztientzako eskuz eginiko etxolak horren erakusle dira, adibidez. Txorien behaketaren bitartez, umeek aukera dute tokiko hegazti fauna bertatik bertara ezagutzeko. Txoritokia izeneko gelan behatzen, zenbatzen eta aztertzen dituzte hegaztiak.
Lurragaz hartu-emanean.
Baratzea ere zentroaren giltzarrietako bat da. Landa ingurua probestuz, negutegi eta ortua dituzte eskolan: “Ikasleak arduratzen dira ereiteaz, landatzeaz, belar txarrak garbitzeaz, landareak ureztatzeaz eta bestelakoez. Baratzeko lanak emandako uzta, gainera, etxera eroaten dute; hala, lanaren balioei buruzko jakintza jasotzen dute, baina jasangarritasuna edota ingurumenaren zaintza modukoak ere barneratuz”. Urte biko umeetatik hasi eta seigarren mailara arte, “komunitate guztia inplikatuta” dago ortuaren ekimenean, baita gurasoak ere: “Auzolan handia dago eskolaren eta gurasoen artean; hasieratik, ortuagaz laguntzeko prestutasuna erakutsi dute”.
Elkarbizitza proiektua ere zutabe dute. Urretxindorrako lanaren zein prozeduren oinarria hartu-eman positibo, emankor eta osasuntsuak bilatzean datza: “Eskola emozioak, afektibitatea eta sentimenak plazaratzeko gune segurua da”. Elkarbizitza eta egun bereziak izeneko sailak egutegiko efemeride edo egun seinalatuak bestelako formatu batetik lantzen ditu: “Gau Beltza, neguko solstizioa, Emakumeen Kontrako Bortizkeriaren Aurkako Eguna, LGTBIQ+ Eguna eta bestelakoak omentzen ditugu, baina edukiz jantzita: helburua ez da egun soil modura gogoratzea, aldez aurretik enfokatuta lantzea baino, ikasleentzako adierazgarriak izan daitezen. Elkarbizitza modu zabalean lantzen dugu”.
Agenda 20-30 proiektuagaz bat eginik, birziklapenaren kulturari garrantzia ematen diote: “Barikuro, ikasleek ikasgelan birziklatutakoa udalerriko edukiontzietara eroaten dute; astelehenetan, ostera, patioa garbitzen dugu, baita zaborra bereizi ere”. Esfortzua baloratzen irakasten zaie umeei, zikintzeak gerora garbitu beharra dakarrela uler dezaten eta, hala, kontzientziazioa piztuz.
Bestalde, hiru tailer mota daude Urretxindorran, eta ikasleak hiruhileko bakoitzean batetik bestera aldatzen dira. Antzerkia, sukaldaritza eta robotika dira tailer horiek: “Lehenengoak euskara, adierazkortasuna nahiz jendaurrean agertzeko abilezia ditu giltzarri; bigarrenak, autonomia, esku-trebetasuna eta elkar laguntza; hirugarrenak, aldiz, programazioa eta teknologia berrien erabilera egokia”.
Zaintza imajina daitekeen modu zabalenean eta konprometituenean ulertzen dute Urretxindorran, inklusioa erdigunera ekarriz. Ikasle taldeak “txikiak” direnez, 8 eta 18 lagun artekoak, guztiek arreta indibidualizatua jasotzen dute: “Irakasle denek ikasle denak ezagutzen dituzte, tratua guztiz gertukoa delako”.
Kontziliazioa ere zutabe handia da zentroarentzat. Horren erakusle goizeroko zaintza zerbitzua: “08:00retatik 09:30era artean, gurasoek gura dutenean seme-alabak zentroan uzteko aukera dute, zaintzaileak baitaude ordutegi horretan, eta umeek denetariko jarduerak egiten baitituzte, eskolak abiatu orduko. Hala, familia eta lana ikastetxeagaz uztartzeko lan egiten dugu”.
Harremanetarako bideak.
Matrikulazioa zabalik dute, hilaren 14ra arte. Informazioa jaso duen oro “besoak zabalik” hartuko dute eskolan, 08:30etik 16:30era artean. Gainera, 014356aa@hezkuntza.net posta elektronikora idatzi dezakete, edo 94-625 12 81 telefono zenbakira deitu.