Hezeguneen garrantziaz jabetzeko hitzordua
Hezeguneen Munduko Eguna ospatu zuten atzo Urdaibain, eta eraztunketa saioan zein osteko txangoan batu ziren herritarrak Urdaibai Bird Centerren: "Goiz perfektua izan zen"

Etengabe mugitzen ari den erreioa, lezkadiak, padura eta itsasadarra dira Urdaibaiko hezegunearen altxor naturalik garrantzitsuenak. Eta naturgune horren zein beste hezegune guztien garrantzia nabarmentzeko eguna izan zen atzokoa (otsaiak 2), mundu mailan: Hezeguneen Munduko Eguna.
Hala, negua nagusitasuna galtzen ari den eta udaberria esnatzen ari den honetan, hegaztiak hegoaldetik iristen hasi dira Urdaibaira, iparralderantz egiten dituzten bidaien atsedengunea baita bertako padura. Hala, mokozabalak hezegunean gelditzen ari dira, ahateek beren kolorerik ederrenak janzten hasi dira, eta txori kantariak kontzertuak eskaintzen dituzte dagoeneko. Hezegunea esnatzen hasi da urtaro berrira igarotzeko.

Hezeguneen Munduko Eguna Urdaibai Bird Centerren.Urdaibai Bird Center
Hala, testuinguru eder horretan ospatu zuten Hezeguneen Mundu Eguna Urdaibai Bird Centerren: “Goiz perfektua izan zen”. Eraztunketa erakustaldiagaz abiatu zuten eguna, eta hegaztiak zergatik lotzen diren eta metodo horrek hezeguneetako habitatak babesten zelan laguntzen duen azaldu zieten bertaratutakoei zentroko adituek. Hala, bisitariek “asko gozatu” zutela diote, bertaratutakoek hainbat hegaztiri buruzko ezaugarriak ezagutu zituztelako.
Eta, gero txori horien habitata ezagutu zuten txango baten bitartez. Aurreko asteetako euria ez zen oztopo izan, eta parte hartzaileek ibilbideaz gozatu zuten. Hala, txangoan zihoazela, ez ziren ohartu, baina hezeguneko hegazti iheskorrenaren ondotik pasatu ziren: abetoro bat egon zen Ozolloko behatokitik gertu. “Koldo Niembrok jakinarazi zigun abetoroa zegoela bertan, eta espezie hau negu honetan ikusten dugun lehen aldia izan zen. Hori ikusteak hezeguneen garrantzia azpimarratzen du”, azaldu dute adituek.

Hezeguneen Munduko Egunean, abetoroa Urdaibaiko hezegunean.Urdaibai Bird Center
Abetoroaz gain, hezegunean egon zen Muxar arrano arrantzale negutarra: “Gure kameraren bidez zuzenean ikusi ahal izan genuen bere lekurik gogokoenean: Kanalan, estuariotik gertuago”. Beste bi lagun zahar ere izan ziren bertan: beltxaga bikotea. “Udaberrirako prestatzen ari dira: beren segizio dantza dantzatzen ikusi genituen, baita lepoak batera kurbatzen eta euren tontorrak uretan murgiltzen ere”.

Hezeguneen Munduko Eguna Urdaibai Bird Centerren.Urdaibai Bird Center
Urdaibaiko hezegunea bizirik dago: ahate buztanluzeen, istingorren, ahate txistularien eta zertzeten gune da orain, baina laster alde egingo dute, eta beste milaka hegazti migratzaile hartuko ditu, iparralderako migrazioa laster hasiko baita. “Naturgune hau habitaten kate baten parte da, eta hori barik ezinezkoa izango litzateke migrazioa”.