300 gaztetik gora, Busturialdeko I. Boluntariotza Azokan
Eskualdeko eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa mailako "hamabost erakundetik gora" hartu ditu Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak gaur goizean [urtarrilak 31], Busturialdeko I. Boluntariotza Azokan. 300 gazte baino gehiago bildu ditu "boluntariotza kulturaren grina" pizteko azokak.

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera eta BizkaiaGara erakundearen eskutik, eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak bultzatuta, Busturialdeko I. Boluntariotza Azoka egin dute gaur goizean [urtarrilak 31] Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. 09:30ean hasi, eta 13:30 bitartean, “Busturialdeko 300 gazte baino gehiago” igaro dira bertatik.
Eskualdeko gazteen artean “boluntariotza kulturaren grina piztea” izan da azokaren helburua, “bere garrantziari buruz sentsibilizatzea eta boluntariotza alorra indartzeagaz batera”. Horretarako, Busturialdeko hainbat ikastetxetako ikasle —gehienak Batxilergoko ikasleak—, eta eskualdeko udalerrietako gazteak gonbidatu dituzte. Hala, gai sozial ezberdinak jorratzen dituzten “erakunde eta elkarte ezberdinen lana” ezagutuz eta horiek duten eskaintza eta egunerokotasunean dituzten zereginak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Izan ere, azokan parte hartu duten elkarte eta erakundeei “boluntario berriak erakartzeko aukera eskaintzea” izan da antolatzaileek finkatutako beste helburuetako bat.
15 erakundetik gora.
Lehenengo boluntariotzan “hamabost erakunde baino gehiagok” parte hartu dute, batzuk eskualdekoak, eta beste batzuk, berriz, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa mailakoak. Jai Alain egon diren erakundeen artean “azpimarratzeak” dira, besteak beste, Gorabide, Bermeoko Herri Babesa, Lekitto Bedarra, Euleuk, Ahida, Avifes, Sare Berdeak, Hartu Emanak, Secot Bizkaia, Gregorio Ybarra Elkartea, Gurutze Gorria, Adeco, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Tantak, Moviendote Elkartea, Aspace eta UNRWA.
Goiz guztian zehar elkarte eta erakundeetako ordezkariek gazteeekin dinamikak parte hartzaileak garatu eta horiekin “loturak sortzeko aukera” izan dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Gurutze Gorriko ordezkariek, esaterako, bihotz-biriketako suspertzea nola egin irakatsi die. Gazteek, berriz, “Busturialdean, Bizkaian eta nazioarte mailan dauden boluntariotza aukeren berri” izan dute. Horrez gain, bertaratu direnek Europako boluntariotza buruzko informazioa jaso eta Europatik etorritako boluntarioekin hitz egiteko aukera ere izan dute, Zehaztu dutenez, “esperientzia inspiratzaileak eta harremena berriak sortzeko espazio desberdinak” ezagutu dituzte.
Elkarteetako ordezkariak ere “pozik” agertu dira azokan parte hartzeko aukera izateagatik; izan ere, “helduak kontzientziatuago” daudela uste dute: “Gazteak gauza askotara daude, eta aldi berean batera ere ez, eta zaila da haien harreta bereganatzea”, azaldu dute Hartu Emanak elkarteko ordezkariek. Adecoko ordezkariak ere bat egin du Etengabe Ikasteko eta Gizartean Parte Hartzeko Helduen Elkarteagaz. Nabarmendu duenez, elkartearen zabalkunderako “hitzaldi gehienak ikastetxeetan” egiten dituzte, “bereziki Lehen Hezkuntzan”. Ondorioz, kontzientzia piztu eta “beharrezkoak” diren boluntarioak lortzea “zaila” izaten da.
















































