Gerraren eta haurtzaroaren talka, Bakearen Museoan
Gaur aurkeztu dute Gernikako Bakearen Museoak apirilaren 20a arte hartuko duen `Haurtzaroa gerran dagoen mundu batean` erakusketa. Hainbat azpigaiz eta artelanez baliatuz, gerrak haurrengan duen eraginaz hausnartzea bilatzen du erakusketak, besteak beste.

Gernika-Lumoko Bakearen Museoak aldi baterako erakusketa berria inauguratu du gaur. Urtero jorratzen dituzten mantentze lanen ostean, Europako hainbat lekutako pertsona eta erakunde batzuen konplizitatetik eta talde lanetik sortutako erakusketa hartu du; Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean. Erakusketa honek, museoko zuzendari den Iratxe Momoitioren hitzetan, “Bigarren Mundu Gerrako haurren esperientziak eta haurtzaroari buruzko ondorioen panoramika eskaintzen ditu, bakeak orainerako eta etorkizunerako duen garrantzia argi utziz”. Erakusketaren xehetasunak ere argitu ditu, gainera: “Rememchild proiektu europearraren bi urtetako ikerketatik jaio da erakusketa hau. Museo europearretako aditu, unibertsitate, fundazio eta profesional talde batek osatzen du proiektua; alegia, la UNED, URJC, Maizon d´izieu, Fondazione Campo Fossoli, Euroclio, ICMEMO-HRI eta Gernika-Lumoko Bakearen museoa, besteak beste. Orain arte, Bartzelonan eta Madrilen soilik egon izan den erakusketa da, bestalde”.
Gaur hasi eta apirilaren 20ra bitartean egongo da ikusgai, Bakearen Museoan. Gernika-Lumokoa, Madrilgo eta Bartzelonako erakusketekiko berezia dela adierazi du, gainera, Momoitiok. Izan ere, objetu gehigarri batzuk gehitu dituzte erakusketa honetarako; jatorri desberdinetako piezekin osatzen da erakusketa. Alde batetik, Ipar Irlandako Conflict Textiles-eko ehungintzako zazpi lan ikusi daitezke. Bestetik, aldiz, Jean Claude Cubino artistaren hogeita hamairu artelan, zeintzuk “jostailu inperfektu eta higatuen bidez” sortu dituen.
Roberta Bacic eta Cubino izan dira, batik bat, gaurko inaugurazioko protagonista. Bacic txiletarra da, baina gaur egun Ipar Irlandan bizi da, eta Conflict Textiles deituriko ehungintzako bilduma bat du. Basic-ek, bilduma horren hastapenak gogoratu ditu: “Bereziki emakume txiletarrek, bizitzen zituzten sarraskiak jostearen bidez azaltzeko bide bat izan da Conflict Textiles. Giza eskubideen urraketak kontatzen dituzten lanak biltzen diren ehungintza-lengoai bat da bilduma, gehienbat”. Nahiz eta bildumak hartzen dituen 412 lanetako zazpi dauden foru-herrian ikusgai, bilduma digitala ere badutela nabarmendu du, egiten dituzten lan edo ekitaldiei buruzko informazioarekin.
Cubinok, beregain, aurretiaz egindako lanen eta erakusketaren antzekotasunak goraipatu ditu. Lan horien bidez, “gerrak eta biolentziak haurrengan duten eraginaren inguruan hausnarketa bat egitea” du helburu, halaber, artistak. ´Mantener fuera del alcance de los niños´ leloarekin izendatu ditu, gainera, erakusketako lanak: “Etxeko edozein produktutan aurki dezakegun esaldiaz baliatu naiz, gurasoek haurrei gerraren zentzugabekeriak azaldu ditzazketela erakusteko, eta ikusleengan horren inguruko hausnarketa sortzeko”. Apurtutako jostailuez baliatu da, batez ere, erakusketak hartzen dituen hogeita hamairu lanak sortzeko. “Jostailuak haurtzaroarekin zuzenki lotuta daude, eta bere onenan ez dauden jostailu batzuk abiapuntutzat hartuz, ezinezko objetu berriak sortu ditut”, gaineratu du.
Haurrak eguneroko bizitzan. Hezkuntza basakeriaren aurrean. Haurren lana. Bonbardaketa, setioa eta suntsipena. Erresistenteak eta borrokalariak. Jazarpena, deportazioa eta sarraskia. Liberazioa eta gerraostea. Zergatik izan zen munduko gerra bat?. Hauek dira gerraren baliabideak. Hasierarik eta amaierarik gabeko gerrak. Horiek dira, hain zuzen, erakusketan zehar jorratzen diren gai nagusiak, beti ere, arteari eta imaginazioari lekua utziz. Gaur irekiko ditu ateak Gernika-Lumoko Bakearen Museoko Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketak, arratsaldeko 17:30ean, eta apirilaren 20ra arte bisitatzeko aukera egongo da.