Lehen helburua lortuta: Elite Ligaxkan jokatzeko prest
Gernika Rugby Taldeak 12 eta 41 irabazi dio Real Oviedo Club taldeari, eta Elite Ligaxkara bere multzoko lidertzan sailkatzea lortu du. Elite Ligaxkako egutegia gaur [urtarrilak 28] ezagutu dute.
Gernika Rugby Taldeak, aurreko asteburuan Gaztedi Rugby Taldearen kontra nagusitu ondoren, beste urrats baliotsu bat eman zuen iragan zapatuan [urtarrilak 25], Real Oviedo Club taldearen kontra gailendu ondoren. Helburu argi eta garbiagaz joan ziren basurdeak Asturiasera: bai ala bai garaipena poltsikoratzea. Izan ere, Elite Ligaxkan sailkatze aldera, asturiarren aurkako garaipenak edo berdinketak besterik ez zien balio, lehian murgilduta jarraituko baldin bazuten.
Markagailuan atzetik hasi zuten norgehiagoka gernika-lumotarrek. Oviedok etxekoen aurrean sendo abiatu zuen neurketa, bigarren minutuan entsegu bat eginez. Bisitarien erreakzioa, baina, laster batean ailegatu zen: Gernika RTk beste entsegu bategaz erantzun zuen. Hortik aurrera, sentsazioak uneoro “goranzkoak” izan zirela argitu dute Urbietako klubaren ordezkariek: “Lehen minutuetan, partiduak sartzea eta zelaigunean kokatzea apur bat kostatu zitzaigun, baina gero asmatu genuen geure jokoa egiten, aurkari oso gogorra aurrez aurre edukita ere”. Oviedoren plakajeei, batetik, eta zelaiaren egoera “kaskarrari”, bestetik, aurre egin behar izan zieten basurdeek: “Joko eremua oso lokaztuta egon zen, eta horrek zailtasun gehigarria ipini zion partiduari”.
Maila handiko lehen zatiaren ondoren, azaldu dute bigarrena “puntu gutxiagokoa” izan zela: “Edozelan ere, ondo jokatu genuen eta, apurka-apurka bazen ere, puntuak egiten eta markagailuan arrakala zabaltzen joan ginen”. Azkenean, 12 eta 41eko markagailuagaz gailendu ziren basurdeak. Bost puntu jasota eta “sentsazio baikorrekin”, Elite Ligaxkara bere multzoko lidertzan igaroko da. Gernika-lumotarrek 47 puntu lortuta ekingo diote ligaxkari; atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Pasek Belenos (46 puntu) eta Hernani Rugby Elkartea (44 puntugaz).
Maiatzeko atsedenaldia orduko, otsail hasieratik apiril amaierara bitartean jokatuko dute Elite Ligaxka
Gaur bertan [urtarrilak 28] jakin dute ligaxka horren barruan zein partidu jokatu beharko duten. Otsail hasieratik apiril amaierara bitartean jokatuko dute aipatutako ligaxka. Otsailaren 8-9ko asteburuan Cisneros Zeta hartuko dute etxean; 22-23an, CR Sant Cugaten zelaian jokatuko dute, eta martxoa (1-2) etxean abiatuko dute, CR Liceo Frances taldearen aurkakoagaz. Ondoren, Valencia RCren etxean ariko dira, martxoaren 15-16ko asteburuan, eta 29-30ekoan, berriz, Hernani etxean hartuko dute. Maiatzeko atsedenaldia orduko azken hiru hitzorduak honakoak izango dira: apirilaren 5-6an, AD Ingenieros Industriales taldearen kantxan jokatuko dute; apirilaren 12-13an, RC L’Hospitalet hartuko dute Urbietan; azkenik, apirilaren 12-13an, Pasek Belenosen zelaian ariko dira.
Ligaxka horri begira, jomuga sinplea baina aldi berean gaitza edukiko dute: “Ez da sekreturik egongo, norgehiagoka guztiak irabazteko asmoagaz eta jarreragaz atera behar baikara”. Fokua bereziki etxean sendo agertzeari jarri diote: “Giltzarrietako bat etxean ahalik eta sendoen agertzea da, partiduak irabaztea, eta kanpoan jokatzen dugunean ahal bezainbeste puntu lortzea”. Elite Ligaxkara sailkatzea “lorpen handia” dela nabarmendu dute: “Taldekide guztiontzat, denboraldia hasi zenez geroztik, helmuga garrantzitsua izan da sailkapen hori; hala, hurrengo urtean ere maila horretan jokatzea ziurtatuko dugu”. Hori bai, ligaxkari aurre egiteko, oso gogor lan egin beharko dutela azpimarratu dute.