De Bilbao, Etxeandia, Luengo eta Garate Espainiako Federazioen Kros Txapelketan lehiatu dira
Gernika Atletismo taldeko korrikalari diren Alluitz de Bilbaok, Amaiur Etxeandiak, Peru Luengok eta Jon Garatek Euskal Selekzioa ordezkatu dute, asteburuan Getafen ospatutako Espainiako Federazioen Kros Txapelketan.
Espainiako Federazioen Kros Txapelketa ospatu dute Cerro de Los Angeleseko parkean -Getafen- , iragan zapatu (urtarrilak 25) eta domekan (urtarrilak 26). Gernika Atletismo Taldeak, gainera, errepresentazio anitz izan du horretan. Izan ere, foru herriko taldeko lau atletak Euskal Selekzioa ordezkatu dute asteburuko txapelketan; Amaiur Etxeandia, Peru Luengo, Jon Garate eta Alluitz de Bilbao.
Etxeandiak, Luengok eta Garatek 16 urtez azpikoen kategorian lehiatu zuten. De Bilbaok, aldiz, 20 urtez azpikoan. Gernika Atletismo Taldetik jakinarazi dutenez, Etxeandia izan zen txapelketari hasiera eman izona, zapatuan, 10:00etan, 16 urtez azpiko emakumezkoen lehian. 4.110 metroko zirkuitua zuen aurretik, zornotzarrak estreinakoz korritzen zuen Espainia mailako txapelketa batean. “Ilusio handiz” hartu zuen lasterketa. Zirkuituari bi itzuli eman zizkion 18 minutu eta 3 segundoko denbora tartean.
Luengoren eta Garateren txanda izan zen ondoren, 16 urtez azpiko gizonezkoen lehian. Emakumezkoen zirkuitu berdina zuten egitear. Taldearen hitzetan, “aurreko postuen bila arin urten ziren, eta bigarren itzulian hori zertxobait ordaindu zuten”. Hala ere, taldeak nabarmendu du “ikasteko momentuan” daudela biak, eta kirolari bezala “esperientzia bikaina” izan dela bientzat. Luengok 15 minutu eta 21 segundoko denbora lortu zuen, eta Garatek, 16 minutu eta 26 segundokoa.
Lehiatzen azkena, baina, de Bilbao izan zen. Bere txanda domekan izan zen, eta 20 urtez azpiko emakumezkoen lehian parte hartu zuen, 6.110 metroko zirkuitua egin behar izan zuelarik. Iaz baino hobeto egin arren, “hobeto egin zezakeenaren zapore gazi-gozoarekin” itzuli da etxera kortezubiarra, taldeak aurreratu duenaren arabera: “Lasterketa hasieran jan zuen korrikalarien tapoi bat dela eta, atzean geratu zen. Aurrera joatea lortzeko erabili zituen, beraz, indar guztiak. Maila horretan ez da ezer parkatzen, eta argi ibili beharra dago”. Hala eta guztiz ere, “lasterketa ederra” burutu zuen gazteak, lasterketa osoan zehar “gorpuztaldi bikaina erakutsiz”, eta 45. postua eskuratuz; lehenengotik 3 minutu eta 11 segundora heldu zen, 25 minutu eta 54 segundoko denborarekin.
Gernika Atletismo Taldeak, “lasterketa arin” gisa definitu du asteburuko lehia. “Korrika erraz egiteko moduan egon zen lurzorua, baina aldapa gogor biz markatuta egon da zirkuitua, eta horrek erabaki zuen lasterketa bakoitzaren nondik norakoa”, gaineratu du taldeak. Lau atletek, beregain, hobeto egin zezakeela esan dute, “orain arteko lasterketetan emandako maila bikainaren atzean dagoen autoexijentzia hori erakutsiz”. Orain, indarrak hartu, eta otsailaren 16an Ordizian ospatuko den Euskadiko Trail Txapleketarako “buru belarri” prestatuko dira.