Beti Gazte nagusitu da Busturian
Beti Gazte taldea nahieran azaldu zen zapatuan [urtarrilak 25], Gernika-Lumon egin legez, Busturian lehiatutako Euskadiko 8X8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldian.
Ez dago goma gainean Beti Gazte taldearen mailara iristen den klubik. Lesakarrek, Gernika-Lumoko lehendabiziko jardunaldian egin zuten modura, nagusitasun osoa plazaratu zuten Euskadiko 8X8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldian. Busturiak hartu zuten bigarren hitzordua, Altamirako tenis pistetan, iragan zapatuan [urtarrilak 25]. Nafarrek ez zuten aurkaririk topatu bigarren jardunaldian, eta merezimendu osoz poltsikoratu zuten garaipena.
Batetik, gizonezkoen 640 kiloko kanporaketa jokatu zuten. Beti Gaztek, sei puntugaz, honakoak eduki zituen atzetik sailkapenean: Ñapurrak (5 puntu), Zuraide A (4 puntu), Abadiño (3 puntu), Ibarra (2 puntu) eta Zuraie B (puntu 1). Bestetik, emakumezkoen 540 kiloko kanporaketaren kokaleku ere izan zen Busturia. Lehia hartan ere, lesakarrek ez zuten areriorik eduki, eta lehen postuari dagozkion lau puntuak jaso zituzten, hurrenez hurren, Ibarraren (3 puntu), Badaiotzen (2 puntu ) eta Abadiñoren (puntu 1) aurretik.
Goma gainekoak aurrera darrai: 640 eta 540 kiloko lehien hurrengo jardunaldia final handiak izango dira. Datorren zapatuan [otsailak 1], Beti Gazteren lurraldean, Lesakan, jokatuko dituzte kategoria horietako bi finalak. Ondoren, otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa lehiatuko dute, oraindik tokia zehazteke dagoen arren. Otsailaren 22an, ordea, Berangon jokatuko da azken maila horren bigarren kanporaketa eta emakumezkoen 500 kilokoa. Martxoaren 1ean, 580 kiloko kanporaketa mistoa lehiatuko dute, Nafarroan (tokia ez dago zehaztuta). Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko kanporaketa jokatuko dute Pobesen. Gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko finalak Abadiñon egingo dituzte, martxoaren 15ean. Martxoaren 23an, aldiz, 580 kilo mistoko finalaren txanda izango da, Ibarran. Azkenik, martxoaren 29an, 23 urtez azpikoek lehiatuko dute, hori ere Abadiñon.