Helburu nagusirako ondo bideratuta
Gernika Rugby Taldeak garaipen baliotsua eskuratu zuen iragan domekan [urtarrilak 19], Urbietan, Gaztedi Rugby Taldearen kontra. 61 eta 33 gailenduta, Oviedoren kontra jokatuko dute hurrengo zapatuan [urtarrilak 25]; Elite Ligaxkara sailkatzeko partidua giltzarria izango da.
Sasoiko dago Gernika Rugby Taldea. Aurten jokatutako hamar liga partiduetatik bederatzi poltsikoratuta, kluba maila handian eta, batez ere, egonkortuta ageri da. Horren erakusle da joan den asteburuan Urbietan Gaztedi Rugby Taldearen kontrako neurketan eskuratutako garaipena. Gasteiztarren aurka sendo eta seguru azaltzeko asmo argi eta garbiagaz plazaratu ziren basurdeak, eta beraien ekina ez zen inondik inora antzua izan: 61 eta 33ko markagailuagaz nagusitu zen etxeko taldea.
Lehen zatian, nahieran aritu zen etxeko taldea. Erabateko erosotasunez eta nagusitasun osoz ezarri zuten lehen alde nabarmena: 39 eta 0 aurreratu ziren. Biarren zatia hasteagaz batera, baina, partiduak bestelako itxura hartu zuen. Basurdeek zenbait aldaketa egin zituzten, normalean lehiaketako minutu gutxi eduki ohi dituzten jokalariei merezitako aukera emateko asmoz. Markagailuak bistaratzen zuen puntu abantaila alde edukita, ondo jokatu zuten etxekoek, baina emaitzek ez zuten hori bistaratu. Izan ere, taldetik adierazi dute gasteiztarrek “galtzeko ezer barik” jokatu zutela, zirt edo zart eginez. Ausardia hark puntu gehiago lortzera eroan zituen bisitariak. Edozelan ere, etxekoek aldeari eutsi ahal izan zioten, neurketa 61 eta 33 burutuz.
Zapatuan Oviedon irabazita, Elite Ligaxkara sailkapena argituko zaie gernika-lumotarrei
Balorazio “positiboa” egin du Gernika RTk, baina “hobetzeko asko” antzeman dutela azaldu dute: “Lehen zatian lortutako uztak bigarrenean lasai samar aritzea ahalbidetu zigun, baina aitortu behar dugu akatsak egin genituela, eta huts horiek ez errepikatzeko lan handia egiteko dagoela”. Hurrengo partiduari dagokionez, zapatuan [urtarrilak 25] izango da, Asturiasen: Oviedoren kontra neurtuko dituzte indarrak, 16:00retan hasita.
Zapatuko lehia, gako.
Hitzordu garrantzitsua izango da Oviedoren kontrakoa. Izan ere, Gernika RT Elite Ligaxkan sartzeko lehia bete-betean murgilduta dago, eta garaipenak edo berdinketak besterik ez die balio. Lurralde mailako hiru talde egingo dituzte, hain zuzen, eta talde horietako bakoitzetik hiru talde sailkatuko dira aipatutako Elite mailako Ligaxkara. Gernika-lumotarren urteko “helburu nagusia” da sailkapen hori eta, gaur-gaurkoz, taldea horretara bideratuta dago: “Lan handia egiten ari gara; talde barruan guzti-guztiok norazko berean dihardugu, eta norazko hori ligaxkara sailkatzea da”. Oviedoren kontra gailenduz gero, ligaxkako zortzi partiduei aurre egin beharko liekete basurdeek.
Gernika RTren multzoan, Elite Ligaxkara sailkapenaren lehia Getxo, Hernani, Belenos eta basurdeen artekoa da
Ligaxkan ariko diren zenbait talde jadanik matematikoki sailkatuta daude. Batetik, Club L’Hospitalet, Club Sant Cugat eta Valentzia daude multzo batean. Bestean, Liceo Francés edota AD Ingenieros Industriales Las Rozas sailkapen postu biren jabe dira; hirugarrena Rugby Majadahondaren eta Cisnerosen artean erabakiko da. Gernika RTren multzoari dagokionez, Belenos, Hernani eta Getxoren artean egongo da sailkapena. Alde horretatik, “maila handiko taldeak” direla aditzera eman dute basurdeek. Gainera, ligaxka horretan “ezkutuko” aurkari bat ere badela nabarmendu dute: bidaiak. “Ez da gauza bera Getxon jokatzea edota Madrilera zein Valentziara lekualdatzea; bidaiek neke handia sortzen dute, sarritan aintzat izan ez arren”, adierazi dute.