Bermeoko eta Foruko udal egoitzetan plazak finantzatuko ditu Aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak 24,8 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu aurten, hitzartutako 15 udal egoitzatan 587 plaza finantzatzeko; besteak beste, Bermeoko eta Foruko Udalekin datozen asteetan sinatuko dituzte hitzarmenak.
Bizkaiko Foru Aldundiak 24,8 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu aurten mendetasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko; II. eta III. mendekotasun-gradua aitortuta duten adinekoak zaintzeko hitzarmena duten 587 plaza finantzatuko ditu. Foru Aldundiak aditzera eman duenaren arabera, plaza horiek, udal titulartasuneko 15 egoitzatan banatuko dira, eta oro har, EUDELekiko lankidetzarako esparru-akordioan sartuta daude. Honekin, mendetasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko konpromisoa sendotzea bilatzen du, batik bat, Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gobernu Kontseiluak dagoeneko onartu dituen hitzarmenez gain, nabarmendu dute, datozen asteetan sinatuko direla Bermeoko eta Foruko Udalekin hitzarmenak, beste zenbaiten artean. Izan ere, azken hauekin oraindik hitzarmenak egiteke dauden arren, Foru Aldundiaren hitzetan, izapidetze-prozesuan daude biak.
Plaza horiek guztiak mantentzeko inbertsioa 24.828.947 eurokoa dela aurreratu zuten iragan eguenean (urtarrilak 16) Leixuri Arrizabalagak eta Ainara Basurkok, prentsaurrekoan. Azaldu zuten, gainera, inbertsio horrek agerian uzten duela Aldundiak mendetasun-egoeran dauden adinekoen ongizatearekin duen konpromisoa.
Hitzarmen horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EUDELen arteko lankidetzarako esparru-akordioaren barruan kokatzen dira, beregain, eta udal titulartasuna duten zentroen eta foru-erakundearen arteko harremanak arautzeko diseinatu direla azpimarratu dute. “Lankidetza programaren xedea kalitatezko zerbitzuak eta arreta pertsonalizatua bermatzea da, Zorroari buruzko Dekretuarekin bat egiteko, Bizkaiko Gizarte Prestazio eta Zerbitzuen Maparen hedapenarekin batera. Metodologia elkartu horrek arretaren jarraitasuna bermatzen du, eta adinekoen hautatzeko askatasuna errespetatzeaz gain, beren udal-inguruneetan foru-finantzaketarekin jarraitzeko aukera ematen die”, gaineratu du Aldundiak. Gauzak horrela, eredu horrek zerbitzuaren hurbiltasuna eta kalitatea indartu egiten dituela goraipatu du, erabiltzaileen eta beraien familien lehentasunetara egokitzeko.