Sexualitateari buruz hitz egiteko tresnak landuko dituzte Astran
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak guraso eta hezitzaileei neska-mutilekin sexualitateari buruz hitz egiteko tresnak landu eta segurtasuna ematea helburu duen hitzaldia antolatu du zapatuan (urtarrilak 11), Astran.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak familientzako hitzaldia antolatu du Gernika-Lumoko Astran, zapatuan (urtarrilak 11), beste behin. 11:00etan emango zaio hasiera, eta 13:00etan bukatuko da jardunaldi hau. Oraingo honetan, aditzera eman dutenez, haur eta nerabeekin sexualitateari buruz hitz egiteko oinarrizkoak diren gakoak erakutsiko dituzte, Nayara Malnero psikologo eta sexologoaren eskutik.
Hitzaldiaren helburua nabarmendu dute, halaber: guraso eta hezitzaileei neska mutilekin sexualitateari buruz hitz egiteko tresnak landu eta seguntasuna ematea dute xede zapatuko jardunaldiarekin. Azaldu dutenez, “ardura handia” ikusten dute guraso eta hezitzaileen aldetik gai honekiko: “Askotan, neska-mutilengana heltzen den gai honekiko informazioa ez da guztiz egokia izaten, eta hori kudeatzeko, edota hobetzeko aukera gisa ikusten dugu hitzaldi hau. Ardura eta beharra dagoela ikusita, nolabaiteko prebentzio lana egitea da asmoa, hezitzaile zein gurasoei informazio egoki eta luzea eskainiz”.
Haur eta gazteek sexualitateari buruz galdetzen dutenean erantzuteko gako praktikoak landuko dira Astran, besteak beste. Sare sozialetan pornografiak duen presentzia nabarmenaz eta horrekiko abusuez ere jabetuko direla aurreratu dute Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik: “Zelan berba egin gazte eta haurrekin sexualitateari buruz? galderari erantzungo dio Malnerok zapatuan, eta sare sozialetako, eta orokorrean, pornografiaren erabileraz kontzientziatzen laguntzeko pausoak emango ditu”.
Sarri antolatzen dituzte hitzaldiak, eta jakinarazi dutenez, zapatukoa, “osasuna eta prebentzioaren arloan, familia, hezkuntza eta eremu komunitarioan burutuko diren ekintza eta programa ezberdinen artean” kokatzen da. Orain arte jorratutako hitzaldiek “harrera ona” izan dutela kontuan hartuz, oraingoan ere “berdina” espero dute antolakuntzatik: “Laugarren ekitaldia izango da hau. Guztiak egin ditugu formatu berdinean: Astran, eta zapatu goizez. Beti izan dugu erantzun ona herritarrekiko, eta oraingoan ere hori espero dugu. Jendea etortzea, eta batez ere, hitz egindakoa beraientzat eraginkorra izatea”. Horrela, herritarrei animatzeko deia zabaldu die, “gurasoentzat eta nerabeekin lan egiten duten alor desberdinetako profesionalentzat oso garrantzitsua den gaiari buruzko nondik norakoak entzuteko”.