Mario Lopezen kontrako epaiketan biktimari babesa emateko deia zabaldu dute
Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du martitzenean (urtarrilak 14), Bilboko epaitegi aurreran, Mario Lopez, Lointeken entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa egingo den heinean, "biktimari babesa" emateko.
Gernika-Lumoko Sare Feministatik gogoratu dute datorren martitzenean Mario Lopez, Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa hasiko dela Bilbon, eta bertan mobilizatzeko deia zabaldu dute: «Hiru urtez 13 urteko neska bati sexu abusuak egitea leporatuta epaituko dute entrenatzaile ohia. Garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, lehenengo Allende Salazar Herri Ikastetxean, eta gero, Gernika KESBn».
Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Gernikako epaitegian jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen biktimak, eta mehatxuak ere «etengabeak» izan ziren, baita bere gainean ezartzen zuen kontrola ere. Salaketan jasotzen denez, bortxatu eta felazioak egitera ere behartu zuen biktima: «Orain dela bi hamarkada baino gehiago, urteetan zehar adin txikiko neska bati egindako sexu erasoengatik epaituko dute. Orain arte bizi izandako inpunitatearen ondoren, akusatuen aulkian eseriko da Mario Lopez. Halaber, ahazteko beharra daukan guzti hori berriro bizitzera behartuko du biktima epaiketak».
Beraz, martitzenean Bilboko epaitegiaren aurrean (Barroeta Aldama kalea), egingo duten elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei. 09:00etan batuko dira bertan: «Adierazi diezaiogun gure babesa biktimari, goxotu dezagun nolabait jasan beharko duen prozesua. Datorren astearte goizean Bilboko epaitegi aurrera hurbiltzeko deia luzatzen diegu herritarrei, «biktimari beharrezko babesa emateko, eta elkar zaintzen eta saretzen jarraitzeko».