Egilea eta obra, hurretik
Sonia Ruedak ‘Hitzen Bila’ bere erakusketaren doako bisita gidatua egingo du, eguaztenean [urtarrilak 15].
Hurrengo eguaztenean, hilaren 15ean, Hitzen Bila erakusketan bete-betean eta bertatik bertara murgiltzeko aukera egongo da, Euskal Herria museoan: doako bisita gidatua egingo dute, erakusketaren sortzaile Sonia Ruedaren eskutik, 18:00retan.
Martxoaren 23ra bitartean museoan ikusgai egongo da aipatutako erakusketa, baina bisita gidatuak are gehiago hurreratuko du bertaratzen dena. Barakadoztarrak Hitz Politak izeneko bere liburuan oinarrituta ondu du proiektua, eta beregan “hizkuntzarekiko interes handia eta irudi ugari” pizten dituzten euskararen terminoak bildu ditu. Funtsean, 50 obra bisual eta hiru poema uztartzen ditu; olerkiak Miren Agur Meabe lekeitiarrak idatziak dira.
Erakusketak paisaia batean egituratuta dagoen irudi sorta biltzen du, hitzetan oinarrituta: “Maite ditugunak eta gorroto ditugunak”. Era berean, hiru ardatzetan banaturik dago irudi sorta, oro har: Hodeiak, Eraikuntzak eta Sustraiak. Hori horrela, “unibertso bat” jorratu du Ruedak: “Giza nahiak, ingurunearen eta gizabanakoaren arteko erlazioa eta lur bateko kide izatearen zentzua aztertzen ditu”. Ibilbide autobiografikotzat du erakusketa egileak eta, bere hitzetan, “ikusleak esperientzia unibertsal batean murgiltzea” du jomuga nagusi.
Erreserba, nahitaezko.
Bisita gidatuan parte hartzeko, doakoa izanik ere, aurretiaz erreserba egin beharra dagoela iragarri dute antolatzaileek. Horretarako, bide bi egongo dira: batetik, 94-625 54 51 telefono zenbakira deitzea; bestetik, euskalherriamuseoa@bizkaia.eus posta elektronikora mezua idaztea. Era berean, otsailaren 12an eta martxoaren 13an beste bisita gidatu bana egingo dute; otsailekoan, Ruedaz gain, Meabek ere parte hartuko du.