Ordorikako lur eremua bertoko baso bihurtzeko urratsa
40 lagunek 400 zuhaitz landatu zituzten abenduaren 28an BaSOS elkarteak Muxikako Ordorika auzoan erositako lur eremuan: haritzak, otsalizarrak, gereziondoak, lizarrak eta urkiak landatu zituzten.
40 lagunek 400 zuhaitz landatu zituzten abenduaren 28an BaSOS elkarteak Muxikako Ordorika auzoan erositako lur eremuan: haritzak, otsalizarrak, gereziondoak, lizarrak eta urkiak landatu zituzten. “Lehen landaketarako hektarea erdian 300 zuhaitz landatzea genuen aurrikusita, baina azkenean, gure aurreikuspenak gainditu eta 400 landare landatu genituen. Gutxi gorabehera, sei hektareako eremu horretan, hektarea bakoitzeko 600 zuhaitz landatzea dugu aurreikusita”, adierazi dute.
Eremu horretan kontserbazioko baso bat sustatu gura dute, espezie askokoa, irregularra dena. Eta horretarako bidean, landaketa egin zuten. Horren balorazio oso positiboa egiten dute BaSOSeko kideek. Izan ere, jardunaldira adin ezberdinetako hainbat herritar bertaratu zuten, eta eguraldia lagun zutela giro apartean ibili ziren; tartean izan zen Pello Bilbao txirrindularia. “Bertaratu zirenak oso pozik geratu ziren. Osteko bazakaria ere mundiala izan zen. Eskerrik asko sukaldari zein bolondresei egun hori posible egiteagatik”, esan dute.
Kontzientziak piztu dituzte, eta herritarrek ere interesa agertu zuten. Gainera, momentua aprobetxatu zuten Busturialdeko basoei buruzko informazioa eskaintzeko; hau da, Urdaibaiko eremuaren hiru laurden landaketak direla esateko, eta horietatik laurden bat bakarrik dela bertoko basoa jakinarazteko: “Gainera, BaSOS elkartearen aurkezpen txiki bat egin genuen, nondik gatozen esanez eta zein den gure helburua gogoratuz, eta lurraren erosketaren prozesua zelakoa izan den ere azaldu genuen”.
Orain, aurrera begira daude, eskolekin egin nahi dituzten landaketei begira; izan ere, hilabete honetan Allende Salazar eskolakoak joango dira landaketak egitera, eta Barrutialdekoak –Barrutiakoekin ere harremanetan daude–, aldiz, otsailean. Muxikako eskolakoekin ere eguna zehazteke dute, baina landaketak egitea aurreikusi dute.