Orain artekoagaz “pozik eta harro”
Lucas Fernandez eta Gerardo Candina Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailea eta presidenteak prentsaurrekoa eskaini dute gaur [urtarrilak 7] ligako lehen itzuliaren balorazioa egiteko. Talde gernikarra Koparako sailkatu da.
Lointek Gernika Bizkaiak 2024/2025 denboraldiko lehen helburu nagusia bete du, lehen itzulian ligako hamasei taldeek dutena: Koparako sailkapena. Horretarako, lehen 15 jardunaldietan zortzi talde onenen artean egon beharra dago. Talde gernika-lumotarrak kostata, baina seigarren amaitu du. Joan den zapatuan [urtarrilak 4] Valencia Basketen aurka galdu arren, Zaragozarako txartela lortu zuen Lucas Fernandezen taldeak.
Hain zuzen ere, urte hasieragaz batera, Lucas Fernandez entrenatzaileak eta Gerardo Candina presidenteak prentsaurrekoa eskaini dute gaur [urtarrilak 7], Malosten. Bertan, lehen itzuliaren balorazio eta hausnarketa osatu dute. Biak ala biak ados jarri dira esaterakoan “pozik eta harro” daudela taldeak erakutsitako irudiagaz. Batez ere taldean dagoen “giro ona” nabarmendu nahi izan dute.
Era berean, taldearen “gasolina” goraipatu nahi izan dute: Marea Granatea. “Ikusgarria izan da gehien behar izan ditugunean erakutsi duten fideltasuna. Donostiako Josean Gasca pabiloian, nahiz eta etxetik kanpo jokatu, bazirudien Malosten jokatzen genuela. Ia zale gehiago zeuden, eta seguru zarata gehiago atera zutela. Horrez gain, Valencia Basketen aurka aspaldiko sarrerarik onena izan genuen, giro itzela sortu zen. Eskertzekoa da eta harrotasunez betetzen gaitu zaleek erakutsitako laguntasuna”.
“Inoizko bazkiderik gehien” ditu Lointek Gernika Bizkaiak. Kluba “egonkortuta” dagoela dio Candinak, emaitzei erreparatu besterik ez dagoela, baina lanean jarraitzen dutela, hobekuntzak bilatzen. Alde horretatik, klubak handitzeko dituen “mugak” aipatu ditu presidenteak, batez ere instalazioei dagokionez. Ezkutuan, egunero, lanean jarraitzen dutela esan du. “Zuzendaritza batzordera kide berriak sartu dira, egunerokoan asko laguntzen daude, ideia eta planteamendu desberdinak eskaintzen”, dio. Lointek Gernika ez dela lehen taldea bakarrik esan du Candinak, harrobiko lana eta Fenomenoen ikusgarritasuna ere goraipatu ditu.
“Ikusgarria izan da Marea Granatea gehien behar izan dugunean erakutsi duten fideltasuna”
Oztopoei aurre eginez. Kirol arloan, Fernandezek “merezitako garrantzia” eman nahi izan dio Koparako sailkapenari. “Helburua Koparako lehian egotea zen, eta hori bakarrik ez, sailkapena lortzea oso pozgarria izan da. Batez ere orain arteko lanarentzako aitortza eta sari bat delako”. Hala ere, Fernandezek aitortu du ez duela ezer aldatuko bere bideorrian. Sailkapena orain lortu arren, Kopa ez delako martxoaren 20ra arte hasiko. Hain zuzen ere, urtarrilaren 14an egingo dute zozketa, Girona, Valencia Basket, Avenida eta Zaragoza dira zerrendaburuak. Horietako bat izango da Lointek Gernika Bizkaiaren aurkaria final-laurdenetan.
Taldeak, batez ere denboraldi hasieran, izandako lesioak eta joan-etorriak gogoratu ditu entrenatzaileak:
Maya Dodson berandu heldu izana, Ane Olaeta, Itziar Ariztimuño edota Marta Alberdiren lesioak eta Taylor Mikesell eta Annika Soltauren irteerak. Egoera horiek taldea “indartu eta batu” dituela goraipatu du. “Jokalariek oztopoei aurre egiteko gai izan dira, erronka berriei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute eta gazteak izan arren, nortasun handia erakutsi dute. Entrenatzaile bezala oso harro nago arazoen aurrean irtenbideak eta aukerak ikusi ditugulako”.
Estatubatuarraren eta alemaniarraren irteerei dagokionez, kluba denaren gainetik dagoela adierazi dute. Mikesellen kasuan, Fernandezek esan du “haserrea baino etsipena” sentitu zuela, taldeak “ahalegin handia” egin zuelako jokalari egokitzeko. Soltauk ez zien klubeko medikuen jarraipenei kasurik egin, eta Alemaniako Selekziokoak bakarrik jarraitu nahi zituela azaldu dute. Egoera horren aurrean, taldeak bere zerbitzu medikuak babestu eta jarraituko dituela esan dute, “bere interesak defendatzeko”.
“Etxeko jokalariek asko laguntzen dute egunerokoan, badakite zer den Lointek Gernika, zer eskatzen duten herriak eta taldeak”
Errotazioa laburtu arren, jokalariek emandako aurrerapausoak aipatu dituzte. Alde horretatik, udan fitxaketei dagokionez egindako fitxaketen egokitzapena balioan jarri nahi izan dute. “Talde zabala nahi genuen, jokalari batzuek postu desberdinetan jokatu dezakete eta horrek asko lagundu digu horrelako egoeretan. Gainera, etxeko jokalariek asko laguntzen dute egunerokoan, badakite zer den Lointek Gernika, zer eskatzen duten herriak eta taldeak, eta lan handia egiten dute transmisio horretan, erakuslerik onenak dira”.
Indartuta. Fernandezek ligaren “berdintasuna eta gogortasuna” azpimarratu ditu. Oraindik ez du Europako lehiaketetara itzultzeko helburuaren inguruan hitz egin nahi izan entrenatzaileak. Zazpi urtez jarraian Eurokopan aritu eta gero, aurten ez daude bertan. “Gure mailarik onenean lehiatu nahi dugu eta gero horrek eramango gaitu denboraldi amaieran egindako lanarengatik merezi dugun tokira”. Alde horretatik, lehen itzuliaren amaieran zortzi talderik onenen artean egotea “seinale ona” dela dio. Hori bai, aurreratu du “lan asko” egin beharko dutela, ligaren mailak “gora” egiten duelako bigarren itzulian. “Taldeak indartu egiten dira, pixkanaka hobetzen doaz eta presioa bestelakoa da, batez ere orain arte aurreikuspenak bete ez dituztenentzako. Horrek guztiak partida bakoitza borroka gogor batean bilakatzen ditu”. Iaz, adibidez, Lointek Gernika Bizkaiak ligako bigarren faserik txarrena osatu zuen.
Horretarako ere heldu da Mikayla Pivec Malostera. Bilaketa lanetan “lasai” egon direla azaldu dute, ez zutela edozein jokalari ekarri nahi. Valencia Basketen aurka debutatu ez bazuen ere, Pivec hurrengo jardunaldietarako prest egongo dela aurreratu dute. Klubetik azaldu dute, ez dutela bestelako fitxaketarik egingo, hau da, bi jokalari joan badira ere, bakarra fitxatuko dutela. Hain zuzen ere, estatubatuarrak postu desberdinetan egin dezakeen lana azaldu du entrenatzaileak. “Ez da bikaina ezertan, baina gauza askotan asko laguntzen duen jokalaria da, eta batez ere oso garrantzitsua da liga ezagutzen duela -Prometen, La Seun eta Zaragozan jokatu du- eta horrenbestez bere egokitzapena laburragoa izatea nahi genuen”.