Sexu indarkeriaren aurrean isilik ez geratzeko erabakia: entzuten eta erantzuten jarraituko dute
Mario Lopez entrenatzailearen kontrako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera, sexu indarkeriaren aurrean isilik ez geratzea erabaki dute sare feministakoek, eta duela urtebete legez, euren mobilizaziora batu dira ehunka herritar. Salaketa jarri zuen emakumeari babesa adierazi diote, eta indarkeria honen aurrean entzuten eta erantzuten jarraituko dutela erakutsi ere bai.
Guk sinisten zaitugu eta zurekin gaude lelopean zeharkatu dituzte Gernika-Lumoko kaleak hainbat eta hainbat herritarrek gaur (abenduak 14), Mario Lopez entrenatzailearen kontrako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera. Sexu indarkeriaren aurrean isilik ez geratzea erabaki dute sare feministakoek, eta duela urtebete legez, euren mobilizaziora batu dira ehunka herritar: “Zorionez, herritarrok ez dugu beste alde batera begiratu nahi izan”. Hala, mobilizazioan, sexu indarkeria salatu zuen emakumeari babesa adierazi diote, baita indarkeria honen aurrean entzuten eta erantzuten jarraituko dutela erakutsi ere.
Sare feministakoek eskerrak eman dizkiete ekimenera atxiki diren 1.400etik gora norbanako zein eragileei: “Eskerrik asko gaur ere aldarrira batu zaretenoi. Ariketa politiko hori egin duzuenoi. Sexu indarkeriaren aurrean isilik ez geratzea erabaki duzuenoi. Eskerrik asko Guadalupe, Maddalen eta Ariane. Eskerrik asko Lilibertso, Gernika Rugby Taldea eta Bermeoko Mugimendu Feminista. Zuen eta gainerako guztien atxikimenduak hemendik eta datorren hilera arte egin beharreko bidearentzat indarra dira”.
Izan ere, adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lopez, eta kasua Bizkaiko Auzitegiaren esku dago. Urtarrilean hasiko da ahozko epaiketa, urtarrilaren 14tik 16ra egingo dute Bizkaiko Auzitegian, eta, jakinarazi zutenez, fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatuko du entrenatzaile ohiarentzat, baita biktima bizi den herrira joateko hamar urteko debekua ere. Hala, prozesu judizial horretan babesa erakustea dute helburu sare feministako kideek.
Izan ere, prozesua luzea dela, eta askotan “birbiktimizatzailea” ere izaten dela salatu dute: “Badakigu urtarrileko epaiketa ez dela samurra izango. Eta badakigu, baita ere, sexu indarkeriaren aurrean zigor kodea ez dela nahikoa. Horregatik, epaitegietan ebazten dena ebazten dela, guk beti esango dugu: Guk sinisten zaittugu eta zurekin gaude!”.
Ardurak hartzeko deia.
Erasoa ezagutu zutenean, inpunitatearen kontra egin zuten feministek, eta ardurak hartzeko beharra plazaratu zuten. Sexu abusuen salaketatik urtebetera, “tamalez” isilik eta “isiltasun hori betikotzen” segitzen duten horiek ere interpelatu dituzte: “Batetik, erasotzailea bera eta alboan dituen konplizeak. Ez zaitugu gure kaleetan nahi. Bestetik, benetako ardurarik hartu ez duen saskibaloi taldeko zuzendaritza, neurriko erantzunik eman ez duena”.
“Gezurrek, manipulazioek eta aho txikiaz onartutako akats potoloek” erasotua ez dutela erreparatu salatu dute feministek: “Argi erakutsi dute erasoaren neurriko erantzunik ez dutela eman urtebete pasatuta ere ez. Eta, larriena da ez dutela neurri hori lortzeko interesik ere”.
Horiez gain, berriro eskatu diote udalari eskatu diote kirol munduan sexu indarkaria lantzeko mahai bat eratzeko: “Behin eta berriz eskatu diogu udalari kirol munduan sexu indarkeria lantzeko mahai bat eratu dezan, eta erantzunik barik jarraitzen dugu oraindik”.
Feministek uste dute “garrantzitsua” dela sozialki mobilizatzea, erreparazioa gizartearen erantzunetik etorko dela sinetsita: “Uste dugu sozialki, gizarte modura, mobilizatu egin behar garela, ze erreparazioa nonondik helduko bada, gizartearen erantzunetik etorriko da”. Hala, blog batean jaso dute kasu honen errelatoa: : guksinistenzaittugu blogean. “Hori errelatoagaz jarraitzeko era bat da, bestela gauza batzuk ahaztu ez daitezen. Hala, gai honi buruzko gauzak bertan argitaratuko ditugu, gai honek bere leku propioa izan dezan”.