HAPOren tramitazioa "berehala" hasteko eskatu dio Busturiko EH Bilduk udalari
Busturiko EH Bilduk etxebizitzaren arazoa konpontzen hasteko udalean aurkeztuko dituen 14 proposamenen berri eman du gaur (abenduak 14) goizean. Besteren artean, Presapeko proiektuari berriro heltzeko eskatu diote udalari, "hori aztertu eta moldatzeko".
Busturiko EH Bilduk dio herriko “arazo handienetako” bat dela etxebizitzarena, “Euskal Herriko herri gehienetan ohiko arazoa den modura”. Hori dela eta, koalizio subiranistak arazo horri irtenbidea emateko udalean aurkeztuko dituen 14 proposamenen berri eman du gaur (abenduak 14) goizean, Busturiko Agarre baserriaren aurrean. Tartean HAPOren tramitazioa “berehala” abiatzeko eskatu diote udalari.
Izan ere, diotenez, etxebizitzaren arazo hori Busturiko zenbait egoera zehatzek “areagotu” baino ez dute egiten. Jakinarazi dutenez, etxebizitza librearen eskaintza “mugatua” da herrian, batez ere alokairurako etxebizitzari dagokionean, eta gogoratu dute, ia azken 30 urteetan ez dela etxebizitza publikoaren eskaintzarik egin udalerrian. “Busturiak ez dauka bere Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartuta, hainbat hamarkadatako izapideen ondoren”, esan dute EH Bildukoek; izan ere, indarrean dagoen hirigintza araudia 90eko hamarkadan onartu zen.
Busturian dagoen etxebizitza kopuruaren erdia “ez dela haien jabeen etxebizitza nagusia” esan dute, eta etxebizitzak zaharrak direla gehitu. “Busturiko etxebizitzen bataz besteko antzinatasuna 58 urtekoa da, eta, askok –gutxi gorabehera etxebizitzen heren batek–, ez dute igogailurik ez eta kalefakziorik ere”.
Eskualde turistiko baten erdian dago Busturia, eta horrek ere eragina dauka etxebizitzaren arazoan, EH Bildukoen esanetan: “Gero eta gehiago dira ohiko bizilekua izan beharrean turistei alokatzeko erabiltzen diren etxebizitzak”.
Hala, diotenez, horiek denek, agerian uzten dute EAJren udal gobernuak “ez duela iniziatiba politikorik”: “EAJren udal gobernuak ez du ez iniziatiba politikorik, ez egoera hau aldatzeko borondaterik. Etxebizitzaren arloan, udal gobernutik ezer gutxi egin daitekeenaren aitzakipean, urteak joaten ari dira. Eta, bitartean, busturitarren belaunaldi asko maletak egitera behartuta daude. Maletak egin eta gure herritik kanpora konponbidea bilatzera behartuta ikusi dute euren burua”.
Irtenbidea bilatzen.
EH Bildukoak, baina, ez direla geldirik geratu, eta arazo horri irtenbidea emateko “gogoa eta ideak” dituztela aintzat hartuta, eta “herritarrei zama arintzen saiatzeko” helburuz, denetariko proposamenak aurkeztu dituzte.
Hala, udalari eskatu diote HAPOren tranmitazioa “berehala” abiatzeko: “Etxebizitzako eskumen denak udalaren esku ez badaude ere, udal plangintza oinarrizko tresna da ezer egiten hasteko. Hirigintza plangintzarik barik egoera hau ezin daiteke gehiago luzatu”. Horretarako, baina, herritarrak entzuteko eskatu diote udalari, horretarako prozesu parte hartzailea abiatuz, “herritarren nahiak eta beharrak zeintzuk diren ezagutzeko”.
Gainera, “aspaldian albo batera utzita” dagoen Presapeko proiektuari heltzeko beharra plazaratu dute, udalari Eusko Jaurlaritzarekin eta Etxebiderekin harremanetan jartzeko eskatuz, “proiektua aztertu eta moldatzeko” beharra dagoela iritzita: “Denok dakigu 90 etxebizitza eraikitzeko proiektu zaharra ez dela bideragarria gaur egun, baina Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoak bete behar ditu, horretarako eman zitzaizkion-eta Presapeko lurrak”. Koaliziokoen ustez, alokairu sozialeko 25 edo 30 etxebizitza inguru eraikitzeko proiektu berri batek “asko arinduko luke” Busturiak daukan etxebizitzaren arazoa, eta hori lortzen ahalegindu behar dela udala diote.
Gainera, etxebizitza hutsen errolda egiteko ere eskatu diote udalari, errealitatearen diagnostiko egokia egin ahal izateko, etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko neurri fiskalen aplikazioa ahalbidetzeko, edota beste motatako neurriak hartzea komenigarria den edo ez aztertzeko. “Errolda hau egiteko HAPOren tramitazioa aprobetxa daiteke, plangintzaren lehenengo fasea udalerrriaren diagnostiko bat egitea izaten baita”, gaineratu dute.
Horrez gain, etxebizitza hutsen errekargoa aktibatzeko beharra dagoela diote EH Bildukoek: “Ondasun higiezinen gaineko zergaren udal ordenantzak etxe hutsen gaineko errekargoa berehala ezarri behar dela aurreikusten du, baina orain arte ez da aplikatu. Etxebizitza hutsen errolda eginda, errekargoa aplikatzen hasteko konpromisoa eskatzen diogu udalari”. Halaber, etxebizitza hutsen gaineko kanona ezartzeko aukera aztertzeko deia ere egin diote.
Etxebizitza turistikoak zenbat diren aztertzeko ere eskatu diote, baita horien egoera ikertzeko ere, eta beharrezkotzat jo dute horiek mugatuko dituen araudia onartzea. Izan ere, ez dute nahi negozio horiek “kontrolik bariko arazo” bihurtzea herrian. “Hala, lehendik dauden eta lizentzia duten etxebizitza turistikoek araudi osoa betetzen dutela kontrolatzea eta ziurtatzea beharrezkoa da”, esan dute gaur.
Etxebizitza hutsak.
Busturiko Udalak bi etxebizitza hutsik dituela jakinarazi dute gaurkoan, Larragon bata eta San Bartolome auzoan bestea. Adierazi dute aspaldian daudela hutsik, berriro alokatzeko konponketak behar dituztelakoan, eta horiek abiatzeko deia egin diote EH Bildukoek udalari, “lehiaketa publiko baten bidez alokairuan eman ahal izateko”.
Busturiko ondarea den Agarre baserriaren aurrean jarrita, baserri horri erabilera emateko ere eskatu dute, ezer egin ezean “betiko galduko” delakoan. “Oso eraikin garrantzitsua da Busturirako, eta gauza askotarako balio dezake”. Izan ere, uste dute udalak hausnarketa prozesu parte hartzaile bat jarri beharko lukeela martxan, txostenak eta aholkuak eskatzeaz gain, eraikinarentzako helburu bat erabakitzeko.
Horrelako baserri handiek etxebizitza bi baino gehiago edukitzea ahalbidetzeko bereizketak errazteko proposamena luzatu diote udalari, “ahal den neurrian behintzat”. Ze, askotan, euren tamaina handiagatik jabeek ezin izaten dituzte baserriak birgaitu edo egokitu, eta urterik urtera hondoratzen doaz: “Gure ustez, ondare historiko eta arkitektonikoaren galdera hori ekiditen saiatu behar da udala”.
Bestalde, Jaurlaritzak edo beste erakundeek etxebizitzen irisgarritasuna edo energia eraginkortasuna hobetzeko ematen diru laguntzei buruzko informazioa zabaltzeko eta tramitazioan erraztasunak emateko eskatu dute, “herritarrek zailtasunak izaten dituztelako horiek eskuratzeko”.
Egoera ekonomiko larrian dauden herritarren ohiko bizilekuko etxebizitzak “eraberritzeko” zerga eta tasen hobariak sortzeko aukera aztertzea eta, oinarrizko zerbitzuetarako alokairu biguna ezartzeko beharra plazaratu dute: “Herrian bertan dendak eta negozioak egotea garrantzitsua da biztanleentzat. Udala merkataritza lokalen jabe izatekotan, lehiaketa publikoaren bidez alokairuan ematearen aukera aztertu beharko litzateke, bizilagunentzat lagungarriak diren negozioak irekitzea errazteko xedez”.