VII. Etxera Trailerako izen ematea, zabalik
Urtarrilaren 26an egingo dute kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen Etxera Trail. Internet bidez aurretiaz izena emateko epea zabaldu du antolakuntzak, egun hori baino astebete lehenagora arte.
2025eko urtarrilaren 26an, aldarrikapen soziala, herrigintza, kirola eta natura uztartuko dituzte berriro Gernika-Lumon: VII. Etxera Trail lasterketa eta martxak egingo dituzte. Euskal preso eta iheslarien aldeko kirol ekimenak, beste behin, Pasealekua eta udalerriaren inguruko mendi, muino eta bazterrak lotuko ditu, helburu bikoitzagaz: “Batetik, gizarte kontzientziazioa bultzatzea; bestetik, horretarako egunpasa eta kirol egitasmo erakargarria erabiltzea”. Internet bidezko izen ematea azaro hasieraz geroztik zabalik dago, eta egun seinalatua baino astebete lehenagora arte halaxe egongo da. Iaz 1.600 mendizale elkartu ondoren, antolakuntza lantaldeak iragarri du aurtengo izen ematea ere “bide onetik” doala: “Gaur-gaurkoz, ia 500 lagun daude izena emanda; datu oso positiboa da, iazko kota harrapatzea gaitza izango den arren”.
Ohiko legez, hiru tentakulu izango ditu eguneko egitarauak: martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa. Aukera luzeak eta lasterketak 16 kilometroko luzera eta 600 metro positibo inguruko desnibel metatua edukiko ditu. Gernika-Lumo inguruko hiru tontor entzutetsuenak topatuko dituzte bidean hala martxalariek, nola korrikalariek: Maiaga, Ganaga eta Kosnoaga edo Aixerrota. Aukera laburra hautatzen dutenek, ostera, 6 kilometroko ibilbide errazagoa egingo dute: “Aixerrotara igoera egingo dute; horixe da udalerriko mendizaleon gailur entzutetsuena”. Antolakuntzak aurreratu du ez dela “zailtasun tekniko handirik” egongo ibilbide guztietan: “Inguru gorabeheratsua da, eta basoan lokatza topa daiteke, are gehiago, neguan egonik. Edozelan ere, ez dago tarte arriskutsurik; teknikoki erraz egiteko moduko ibilbideak dira”.
Martxa luzeko zein laburreko parte hartzaileek egunean bertan izena eman ahalko dute. Laskerketarako dortsalen bat soberan suertatuz gero, horiek ere proba orduko ahalbidetuko ditu antolakuntzak. Lehendabizikoak 09:00etan abiatuko dira, eta bigarrenak, aldiz, 10:45ean. Tartean, lasterkariek 10:30ean ekingo diote lehiari. Sari banaketa ekitaldia 13:00etan egingo dute aurreratu dute. Pasealekuan, gainera, jai aldartea nagusituko da 2025ean ere. Izan ere, partaide bakoitzak herriko tabernetan pintxopotea egin ahal izateko bina txartel jasoko ditu izen emateagaz batera. Aurretiaz izena emandakoek bisera eta katilua jasoko dituzte opari; egunean bertan egiten dutenek, berriz, “beste oroigarriren bat”.