Ikastetxeetan sokatira landuz, tenk egiteko harrobia sortu
Bizkaian Sokatira Landuz izeneko proiektua aurkeztu dute gaur: ikastetxeetan tiralari profesionalen ikastaro espezializatuekin sokatira sustatu eta belaunaldi berrien artean tiratzaileen harrobia sortu gura dute. 2025erako proiektua Gernika-Lumoko ikastetxeetara eroatea aurreikusi dute.
Bizkaiko ikastetxeetan sokatira sustatzeko eta belaunaldi berrien artean tiratzaileen harrobia sortzeko helburuz sortu duten Bizkaian Sokatira Landuz proiektu berria aurkeztu dute gaur (abenduak 12), Bilbon.
Izen handiko nazioarteko txapelketetan –hala nola, Munduko Sokatira Txapelketan– euskal taldeak onenen artean lehiatzen direla jakinda, eta sokatirak nazioarteko mailan duen garrantziaz jabetuta, belaunaldi berrien artean sokatira sustatzearen aldeko “apustu sendoa” egin du Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak: “Proiektua funtsezko premisa horrekin sortu da, gure lehen mailako taldeek (Abadiñok, Gaztedik eta Goiherrik) gazteen artean sokatira sustatzeko”.
Diotenez, nazioartean lehiatzean konturatu dira beste herrialde batzuetako taldeek “maila oso altua” dutela, baita harrobia dutela ere. Eta, bertoko errealitateari begira, harrobia sortzearen eta sendotzearen beharra ikusi dute. Hala, proiektu honekin gazteak sokatirara lotu nahi dituzte. “Hurbildu daitezela nahi dugu, teknika uler eta ikas dezatela, institutuan kirol hau praktika dezatela, eta, gustora egonez gero, talderen batean tiratzera batu daitezela bultzatu gura dugu”, azaldu du Juan Migel Ranero Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioko presidenteak.
Ikastaro espezializatuak.
Hala, proiektuaren baitan, nazioartean lehiatzen diren Bizkaiko Abadiño, Gaztedi eta Goiherri taldeetako tiratzaileek gomazko sokatirako ikastaro espezializatuak eskainiko dituzte inguruko herrietako ikastetxeetan, 12 eta 18 urteko ikasleen artean. Hala, Abadiñoko taldekoak Abadiñoko institutuan, Kurtziaga ikastolan eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan izango dira; Laukizeko Gaztedikoek Larramendi Ikastola, Mungiako institutua eta Lauro Ikastola zeharkatuko dituzte; eta, Erandioko Goiherrikoek inguru horretako ikasletxeak. Horiek horrela, taldeek bertatik bertara ezagutuko dituzte promozio lanaren emaitzak.
Aurtengo ikasturtean abiatu dute proiektua, eta ikasturte amaieran sokatiraren festa handi bat antolatzea aurreikusi dute, proiektuan parte hartuko duten ikasleek lortutako trebetasuna erakusteko, lagun artean lehiatzeko eta belaunaldi berrien artean sokatirarako zaletasuna sortzeko.
Gainera, proiektu berri hau beste toki batzuetara zabaltzea ere aurreikusi dute; hala, 2025erako proiektua Gernika-Lumoko ikastetxeetara eroatea aurreikusi dute, herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzen dituen Sustabiz Fundazioaren bitartez.
Etorkizunari begira.
Etorkizuna begiratzen dion proiektu da, eta datozen hiru ikasturteetarako konpromisoa dauka. Baina haratago doala diote, epe luzerako helburua tiralari berriak erakartzea baita, Bizkaiko selekzioa sortu ahal izateko eta 2027an Belgikan ospatuko den nazioarteko GENSB txapelketan parte hartu ahal izateko. “Neskak eta mutilak goma gaineko sokatiran prestatzen hasiko gara, eskakizun tekniko gutxiago behar direlako kategoria horretan, eta pixkanaka, hori gustura hartuz gero, lehorreko sokatirara hurbiltzen joango gara”, azaldu dute.
Ekimen horrekin, gainera, berdintasunaren aldeko aurrerapauso bat emango dutela esan dute, “sokatirak kirolean emakumeen parte hartzea sustatzen duelako, lehiaketa eta talde mistoekin”. Izan ere, Joseba Etxebarria Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioko Kirol zuzendariak dio nazioarteko lehiaketetan, GESNB torneoan esaterako, “erraztasunak” ematen zaizkiela tiralarien artean neskak dauden taldeei.
Antolatzaileek diote “funtsezkoa” izan dela Laboral Kutxaren finantzaketa proiektu hau garatzeko, eta Alvaro Parro Laboral Kutxako Lurralde Komunikazio teknikariak “beharrezko” proiektutzat definitu du: “Soka ez hausteko proiektua da. Ikastetxeen artean gure kirola ezagutu, praktikatu eta, zergatik ez, hobetzeko aukera da. Ez da izango egun bateko ekimena baizik eta epe ertaineko helburuak lortzeko elkarlana da”.